argia.eus
INPRIMATU
Eta indarkeria matxistaren biktimak zer nahi dute?
MarĂ­a Viadero Acha Mugarik Gabe 2024ko azaroaren 14a

Aste batzuk daramatzagu hedabide eta sare sozial guztietan Iñigo Errejoni indarkeria matxista batzuengatik egindako akusazioei buruzko iritziak entzuten. Horrekin batera, eztabaida asko sortzen ari dira: nola salatu behar dugun emakumeok, nolakoak izan behar duten gure sexu-harremanak, onespena, zerbait zekitenen isiluneak...

Guk bizi izandako indarkeriei buruzko testigantza ematea erabaki duten emakumeengan egin nahi dugu gogoeta.

Duela lau urte Cristina Fallarás Indarkeria matxisten aurrean memoria eraiki jardunaldietan izan genuen. Espazio horretan abstrakzioaren eta identifikazio-mekanismoen arteko aldea irakatsi zigun. Nola indarkeria matxistaz edo genero indarkeriaz modu abstraktuan hitz egiten dugun; horrek indarkeria ulertzea zaildu egiten digu eta gertatzen zaizkigun kasuak identifikatzea ere. Esparru horretan, #cuéntalo proposamenak, #metoo bezalako aurrekariarekin, emakumeok gure bizitzan jasaten genituen edo gure bizitzan jasan izan genituen indarkeriak konta genitzan sustatzen zuen, indarkeria horiek ezagutu, partekatu, gorpuztu eta entzuteko, despertsonalizatu eta enpatiarik sorrarazten ez dituzten zifrak gaindituz.

Jada garai hartan, milioika, bai, milioika, munduko hainbat lekutako emakumeek erantzun zioten hashtag horri. 2018an tiraka hasi zen hari horrek oihartzuna izaten jarraitzen du, ez bakarrik sare sozialetan, Errejonen aurkako akusazioak publiko egiten hasi ziren gunea izan da.

Hasieran esan dugun bezala, bizi izandako indarkerien testigantza eman duten emakumeengan pentsatu nahi dugu. Salaketarik jarri ez duten emakumeak, indarkeria horien berri ematea erabaki duten moduagatik zuzenean edo zeharka zalantzan jartzen ari dira espazio askotan. Anonimatuan mantentzeagatik. Zalantza horiek hierarkia bat islatzen dute biktimen artean: salaketa jarrita "ondo" egiten dutenak, "aurpegia ematen dutenak", biktima onak direnak eta gauzak "egin behar diren bezala" egiten dituztenak.

Indarkeriari aurre egin dioten emakumeak indarkeria horren biktima dira, salaketa jarri ala ez. Biktimak, ez pasibotasunaren edo protagonismo ezaren ikuspegitik, kaltearen aitortzatik baizik. Salaketa biktimek edo biziraun dutenen eskubidea da, baina hartu beharreko bidea aukeratzea indarkeria hori bizi izan duenaren erabaki autonomoa da. Indarkeria horri aurre egin dionak erabakitzen du nola egin, eta baita berak erabakiko du bere narratiba hura partekatzeko orduan ere.

Esparru horretan, emakume askok seguruak sentitzen dituzten espazio eta bideetan kontatzea erabakitzen dute, lagunen artean, talde feministetan... edo, azkenaldian gertatu ari den bezala, sare sozialetan, bozgorailu espazioak direlako, beste batzuen testigantzekin batera, kontakizun kolektibo bat eraikiz eta hedatuz.

Arreta integraleko ereduen eraikuntzan eta indarkerien aurrean dituzten erreparazio-eskaeren definizioan, biktimak eta biziraun dutenak protagonista eta ardatz izan behar dute

Nolanahi ere, salatu dutenentzat ere epaiketa soziala izan da, euren salaketa ordu batzuen buruan birala egin zen eta morboa gertatutakoagatik, helduen sexu-gustuei buruzko xehetasunetara sartzeak edo hori publiko egiteko denborei buruzko eztabaidak, zalantzan jarri dute berriro ere emakumeen ahotsa, eztabaida politiko eta eremu politiko eta sozial guztietan indarkeria matxistei aurre egiteko estrategien analisia lokaztuz.

Emakume hauen guztien ausardia aitortu nahi dugu, askotan zalantzan jartzen baitira. Isiltasuna haustea erabaki duten haien guztien aitortza, jakinda kasu gehienetan lankide, senide edo lagunak salatzearen testigantzak publiko egitea zaila dela. Nahi duten moduan kontatzeagatik beren balioa aitortzea, memoria kolektibo hori eraikiz eta emakumeen testigantzak zalantzan jartzeari aurre eginez. Jasan dituzten indarkeriak kontatzea erabaki duten milioika emakumeren balioa aitortzea, ekintza indibidualetatik indarkeria matxista emakumeak kontrolatzeko eta menderatzeko mekanismo gisa egiaztatzera igaroz, gaur egun oraindik ere oso indarrean baitago.

Interesgarria litzateke fokua aldatzea. Geure buruari ez galdetzea zer gertatzen zaien emakumeei ez salatzeko, emakumeak berriro errudun ez egiteko, baizik eta erakunde publikoek beren buruari galde diezaiotela zer ez diren ondo egiten ari emakumeek salaketarik ez jartzeko.

Genero-indarkeriari buruzko Europako inkestaren datuen arabera ikusten dugu nola Europan indarkeria fisikoa edo sexualaren biktima diren emakumeen %25ak baino gutxiagok jarri zuten salaketa. Testuinguru horretan, ikerketa askotan egiaztatzen da gizarte-, polizia- edo justizia-zerbitzuetan emakumeak berbiktimizatzen direla. Biktimentzako eta biziraun dutenentzako babesa izan beharko luketen espazioak, zalantzan jartzeko, baliabide egokirik ez izateko eta indarkeria instituzionala erreproduzitzeko leku bihurtzen dira.

Azken urteotan  egia, justizia eta erreparazioaz askoz gehiago hitz egin dugu. Kasu honek, beste askok bezala, aurrerapen batzuk agerian uzten ditu, baina oraindik  emakumeentzako eskubide horiek bermatzearen aldeko apustuan gabezia asko ere bai.

Egia, emakumeen ahotsa sinestea. Emakume izate hutsagatik bizi ditugun etengabeko eta eguneroko indarkeriak mahai gainean jartzen dituen mugimendu globala, zalantzan jartzeri utzi.

Justizia, justizia feminista baten alde egin, hausnarketa antipunitibistatik abiatuta biktiman zentratuko dena eta ez zigorrean, berbiktimizatzen ez duena eta bere aniztasun osoan indarkeria matxisten aurkako mekanismo arin eta eraginkorrak praktikan jarriko dituena.

Erreparazioa, errekuperazio eta erreparazio integraleko eskubidea aitortzea, eta baita berriro ez errepikatzeko bermea ere.

Horretarako guztirako, geure buruari galdetu beharko genioke zer erantzukizun instituzional eta sozial dugun erreparazio hori lantzeko eta eraldaketarako. Eta biktimek eta biziraun dutenek zer eskaera dituzten. Hori litzateke egin beharreko lehen galdera. Zer nahi duzu? Nola sentituko zinateke erreparatua? Kasu batzuetan, agian, zabalkunde publikoa nahikoa da; beste batzuetan, epaia lortzea izango da behar dutena, edo dimisio bat garaiz egitea edo barkamen argi eta publikoa... Biziraun dutenen adina aukera egongo dira.

Nolanahi ere, arreta integraleko ereduen eraikuntzan eta indarkerien aurrean dituzten erreparazio-eskaeren definizioan, ohikoenetatik muturrekoenetaraino ere, biktimak eta biziraun dutenak protagonista eta ardatz izan behar dute.

Besteoi zer dagokigun ikus dezagun.

María Viadero Acha, Mugarik Gabe