“Amandrea, kontatu ipuina”, eskatu zion ilobak astero bezala. Ipuina ez, gaur egi-egia kontatuko dizut, ume, gauzak nola gertatu ziren jakin dezazun. Behin batean, nik zure adina baino hamar bat urte gehiago nuenean, Euskaraldiari buruzko hitzaldia eman ziguten institutuan.
“Euskaraldia? Zer da hori, amandrea?”, galdetu zuen ilobak. Elkarri euskaraz egitea bultzatzeko kanpaina, bi urtetik behin egiten zena; hamabost egun irauten zuen. Hizlariak kontatu zigun aurtengoa bosgarren Euskaraldia zela, eta hamabost egun horietan jendeak ehuneko hamar gehiago egiten bazuen ere, amaitutakoan erabilera berehala jaisten zela, eta azken neurketek erakusten dutela orain dela hamar urte baino euskara gutxiago entzuten dela kalean. Denon errua dela, hau, hori eta bestea.
Hizlariak esan gabe ere banekien nik hori. Aspertuta nengoen bi urtetik behin txapa berdina entzuten eta txapa berdina paparrean jartzen. Bat-batean argitxoa piztu zitzaidan. Neure arteko pentsakizunetan murgilduta pasatu nuen solasaldia. Hurrengo egunak ere berdintsu, mundu honetan bizi ez banintz bezala. Nire adiskide kuttun Ekiñeri kontatu nion buruan nerabilena. Bat etorri ginen berehala. Asko gustatzen zitzaigun bioi misterioa. Elkarte sekretuak ziren gure espezialitatea: Tenplarioak, Masoiak, Bildeberg Kluba, Iluminatiak (horrelako batzuk ezagutzen genituen, kar-kar). Irakurrita genituen Da Vinci Kodigoa eta gisa honetako nobela guztiak. Asteburu osoa pasatu genuen Ekiñe eta biok plana antolatzen.
“Zer plan?, kontatu!”, urduri jartzen ari zen iloba. Itxaron, ez izan zazpikia. Kontatuko dizut baina baldintza batekin, sekretua gordeko didazula. Begira, plana oso sinplea zen. Gure lagun-taldean norbait erdaraz hasten bazen, eta hori noiznahi gertatzen zen, guk euskaraz erantzungo genion beti. Baina ez genion esango “euskaraz egizu! eta halakorik. Eta institutuko beste lagun-talde bateko pertsona bat kontaktatu behar genuen, euskaltzaleena. Hura konbentzitu eta hark ere gauza bera egin behar zuen bere taldean. Baina dena sekretu osoan, inork ez zuen jakin behar planaren berri. Izana duen orok izena behar duela eta, Ixo… jarri genion elkarte sekretuari.
“Ixo?, joo, ze polita; zuk askotan esaten didazu”. Hasieran nerabe jolasa zirudiena, fruituak ematen hasi zen. Hurrengo urteko neurketak erakutsi zuen %20 egin zuela gora erabilerak gure institutuan, eta %10 herrian. Euskaraldiari egotzi zioten gorakada, nahiz eta inguruko herrietan ez zen halakorik sumatu. Baina poliki-poliki, uretan olio-tanta bezala, edo sasoi batean majo izorratu gintuen izurritea bezala, hedatuz joan zen Ixokideen sarea, eta Euskal Herri osoan nabaritu zen goranzko joera, Euskaraldiari egotzi zitzaiona, nola ez.
“Zer egin behar zen Ixokidea izateko?”, galdetu zuen ilobak, belarriak tente. Ixo sareko kideren batek kontaktatu behar zuen eta sartzeko eskatu, eta sekretua gordeko zuela zin egin. Eta jakina, lehen hitza beti euskaraz, eta besteek erdaraz hasitako solasaldiak bideratzen saiatu.
Ixokideen I. Biltzarra konbokatu zen hurrengo urtean. San Joan gau batez Legaireko zelaietan, 1978an Bai Euskarari festa erraldoia egin zen lekuan. Ilargi betea zegoen, ederki oroitzen naiz. Han ginen Ekiñe eta biok bostehun bat ixokiderekin batera. Ez argazkirik, ez kamerarik, ez mugikorrik. Ekiñek, jende aurrean aurkezpena egin ondoren, zera jaurti zuen: “Mesedez jaso eskua Txillardegi nor izan zen dakitenak”. Isiltasuna. Jendea elkarri begira. Esku gutxi altxatu ziren, hamarretik bat, asko jota. Egoeraren termometroa izan zen guretzat. Batzar hura oso emankorra gertatu zen, ideia berri asko plazaratu ziren eta erabaki garrantzitsuak hartu genituen. Alferrik da etxea dotore margotzea, barrutik hutsa badago. Ez da aski hizkuntzaren erabilera bultzatzea, hizkuntza horretan mami gutxiko edukiak transmititzen badira. Gure historia, gure literatura, gure musika, gure artea, gure bertsolaritza, gure antzerki eta zinema… ezagutu eta kontsumitu behar genituen. Geure nekazarien, artisauen, industrien… produktuak ezagutu eta kontsumitu. Ama lurra zaindu. Gai horietan sakontzeko konpromiso sendoa hartu genuen, bakoitzaren zaletasunak eta mugak errespetatuta. Etxeko gelak ondo apaindu eta bete behar genituen lehenik. Hori bai, leihoak lau haizetara zabalik, alde guztietako aireekin aberasteko.
Legaireko bostehun Ixokideak bost mila bihurtu ginen handik urte gutxira, euskararen erabilerak gora egin zuen esneak sutan bezala, eta handik urte batzuetara Euskaraldiaren antolatzaileek amaitutzat eman zuten ekimena, herritarrak eta beren burua zoriondu ondoren.
“Oraindik existitzen da Ixo elkarte sekretua? Nik sartu nahi dut”. Esan zuen kontakizuna adi-adi jarraitu zuen ilobak. Ixooo!, sekretua gordetzen badidazu, neuk sartuko zaitut handitzen zarenean.
Eta hau hala bazan, ez bazan, ez zan gehiago Euskaraldi beharrik izan.