Iazko ekainean 15 eguneko gose greba egin zuen gazte batek Gloucesterren (Erresuma Batua) agintariei eskatuz bertan eraikitzen ari diren Javelin Park erraustegiaren kontratua osorik erakuts zezatela. Eguberriotan plazaratu dutenean, ezustekoa zeraman barruan: orain arte aitortua baino %30 gehiago kostako zaiela herritarrei. Protestak ugaritu dira eta politikari batzuek auditoria independentea eskatzen hasi.
Motiboak bazeuzkan Sid Saundersek Gloucesterreko udalaren atarian gose greban hamabost egunez eusteko, agintariek kontratua erakuts zezaten tematuz: hilabete luzeko tira-biren ostean, azkenean erakutsi dituzte paperak eta horien artean agertu da orain arte aipatzen zuten kontratua –2015ean sinatua eta orain arte sekretuan atxikia– esandakoa baino askoz garestiagoa dela: 500 milioi libra (557,5 milioi euro) izan behar zuten kosteak 600 milioitik (669 milioi euro) gora izatera igo dira. Ernst & Young kontsultoriak egina zen papera. Javelin Park erraustegiaren kontrata Urbaserrek dauka, Gipuzkoako erraustegiarena daukan enpresak berak
Eskaldalua zabaldu ahala, Gloucesterreko zenbait zinegotzi hasi dira salatzen beren botoa eman zutela okerreko informazioaren gainean, haiek ere herritar guztiak bezala engainatu dituztela eta eskatu dute gertatzen ari denaren auditoria independentea. Gloucestershire Live hedabideak eskainitako kronikaren lerroburuak dio: "Javelin Park erraustegia: oposizioko zinegotziek kostearen handitzeaz ikerketa independentea eskatu dute". Gazette egunkariak berriz: "Politikariek erantzunak nahi dituzte erraustegiaren 600 milioi librako koste eskandalagarriaz".
Kroniketan irakur daitekeenez, Britainia Handian famatu egin den Javelin Park erraustegiaren inguruan ere gainerako erraustegien antzeko arazoak hasi dira azaltzen. Hasteko, Gloucester eta bere konterriko udalak urte luzeetarako geratuko direla zorpean harrapatuta. Gero, benetako kosteak aipatuak baino handiagoak direla eta, ondorioz, herri administrazioak dauzkan beste programetarako –eskolak, politika sozialak...– aitortua baino diru gutxiago uzten duela hondakinen kudeaketa zerbitzu horrek, erretzera bidalitako tona askoz garestiago kostako delako: tonako 189 libra. Hondakinen trataera alternatiboak baino erretzea merkeagoa zela, hori ere gezurra suertatu da. Eta azkenik, Gloucesterrek hondakin gutxiago sortu eta sortutakoak hobeto baliatzeko antolatutako politikak desegitera behartzen ditu, erraustegiaren kontuak orekatzeko zabor gutxiago erretzerik ezin duelako onartu.
Erraustegiaren aurkako NoMoInGlo (No Monster Incinerator in Gloucester) elkarteak gaurko –asteartea, urtarrilak 8– protestazko elkarretaratzea dauka deituta Javelin Park eraikinaren atarian.
2019-01-10, eguneraketa. NoMoInGlo (No Monster Incinerator in Gloucester) elkarteak bere Facebook kontuan bideoz laburbildu du urtarrilaren 8ko protesta.
Punchline telebistak protestaren irudiok eskaini ditu: