argia.eus
INPRIMATU
ETA: “Foro Sozialaren gomendioak ekarpen eraikitzailetzat hartzen ditugu”
  • "ETA eta Gobernuen arteko elkarrizketak noiz abiatuko zain egon gabe, jendartearen protagonismoa indartzea baikorki baloratzen du ETAk", dio erakundeak, Gara egunkarira bidalitako agirian.

ARGIA @argia 2013ko uztailaren 15
Foro Sozialaren sustatzaileei gomendioen inguruan duen iritzia helaraziko die ETAk (Argazkia: Karlos Corbella / Lokarri)

Martxoan egindako Bake prozesua indartzeko Foro Soziala hizpide, egitasmo hori eta hortik eratortzen diren gomendioak "ekarpen eraikitzailetzat" hartu ditu ETAk.

Zentzu horretan, datozen asteotan gomendioen inguruan duen iritzi zehatza helaraziko die ETAk gomendioen sustatzaileei, "edukiari ekarpena egin asmoz".

"ETAk gomendioen sustatzaileekin harremanetan jartzea agindu dio bere Ordezkaritzari, beren proposamen eta asmoak entzun eta gomendioen bidetik konponbidean aurrera egiteko egon daitezkeen aukerak aztertzeko".

Bake prozesuak bizi duen blokeoa

Agirian dioenez, "Aieteko Konferentziatik hona ETAk hamaika ahalegin egin ditu elkarrizketa bideak zabaldu eta konponbidean aurrera egiteko. Espainia eta Frantziako Gobernuek, aldiz, ez dute erantzun positiborik eman. Konponbide aukerari atea itxi eta gatazka elikatzeko jarreran tematzen ari dira. Horretan datza bake prozesuak bizi duen blokeoaren arrazoi nagusia".

"Espainia eta Frantziako gobernuek orain arte izan duten jarrera ezkorraren gainetik, ETAk uste du gatazkaren ondorioen agendaren gainean Espainia eta Frantziako Gobernuak eta ETAren artean aurrez aurreko negoziazioa abiatzea konponbidean aurrera egiteko biderik eraginkorrena dela, euskal jendartearen gehiengo zabalak horrela babesten duelarik".