argia.eus
INPRIMATU
Inoren Ero Ni + Lisabö
Eta eromenaren lorratzetan dantzatu ginen
Udane Barinagarrementeria Laka 2025eko martxoaren 21
Lisabötarrak, Gorka Urbizurekin. Eider Iturriaga

Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

----------------------------------------------------

Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren Ero Ni eta Lisabö bozgorailuetatik. Ahots urratuak, elurra, Gasteiz. Coronación de la Virgen Blanca kalea, 4. ezkaratzea. Ilara desordenatua, zigarroak, enkontruak eta sorpresak. Besarkadak.

Sarrerak, zigilua azalean, epeltasuna. Jende ilara kontsignaren aurrean, berokiak eskuan. Atearen gainean, letra-zopa erraldoi bat: Eta Edertasunaren Lorratzetan Biluztu Ginen Lorategi Izoztuan Hezur Hauts Bilakatu Arte (Lisabö 2016-2025). Hiru garagardo, 12 euro. “Ondo ikusteko, goian hobeto?”.

Bateria erdi-erdian, baxua eta gitarra alde banatara, abeslaria erdi ezkutuan. Hona hemen, inoren ero ni. Gure deabru laztanak lagun gaitzala zuen ezinegona elikatzen. Melodia asaldagarrien zurrunbiloa. Tronpeta txiki arraro bat. Dantza eklektikoak. Konpenetrazioa. “Ze onak diren kabroiak”. Irribarre konplizeak aurpegietan. Megafono bat oihuka. Il cercatore di perle. Baketa bat baxuan. Ordena bat kaosean. Zirrara, musikari onak gozatzen ikustearena. Askatasuna performatzearena. Gonbidapen bat eta Javi Manterola oholtzan. Eromena ez baita inorena. Ez baita inoren monopolio bihurtuko. “Agur adixkidiok”. Argiak eta reggae doinuak.

Inoren Ero Ni / Argazkia: Eider Iturriaga

“Ezin dituzue edariak atera”. Hotza. Kea. Pintadei eta pegatinei begira puxika hustea. “Beste garagardo bat?”.

Bandera palestinar bertikala anpliaren gainean. Sei musikari, birako azken kontzertua hastear. Giza metronomo bi baterietan, bata bestearen erreflexu bailiran. Oihu urratuen durunda. Oinazearen intimitatea eta kezka bat buruan bueltaka: nola kontatzen da zarata lakar, dentso eta poetiko honek sortzen duen elektrizitatea? Off ahots ezaguna bozgorailuetan. Errautsaren bezpera. Berdin dio, ez zen inoiz aise izan hitz egokiak aurkitzea. Orain, hemen. Animalia lotsatuen lokatz-putzuetan.

Mikroak jartzen teknikari lotsatu bi, poesiak zarataka jarraitu bitartean. Publiko artetik banda bat oholtzara, haizezko instrumentuak eskuetan dituztela, paper zuriz egindako trajeak soinean eta kartoizko kapelak buruan. Instrumentuz instrumentu hazten eta nahasten den desafio kolektibo bat. Zarata gehiago eta surrealismo dosia goraka. “Agian, eromena bada apur bat zuena” dioen barne-ahots bat. “Eta eskerrak” dioen beste bat.

Sei musikari berriro oholtzan, konplizitatea eta izerdia. Perfekzioa, halakorik existitzen bada. Publikoa makurtuta, isilaldia eta klimaxa. Mikrorik behar ez duten txilioak. Oilo-ipurdiak eta dantzak.

Beste gonbidapen bat eta Gorka Urbizu oholtzan. Mugikorrak publikoaren eskuetan. Zirkulu bat, zazpi instrumentu eta armonia. Azken blokea. Eta edertasunaren lorratzetan, begien irribarreak. “Eskerrik asko bihotzez”, txalo-txistu zaparrada eta argiak. Merchand-a, berokiak, agurrak, errotondak, izotza kentzeko makinaren argiak.

Eta bIDEhUTSean, oharkabe, gure bihotzak zapi batean goxo daramatzate.