Brian Currin abokatu eta Harremanetarako Nazioarteko Taldeko (HNT) kidea elkarrizketatu du Público egunkariak. ETAren barruan gerta litekeen zatiketari dagokionez, argi utzi du berak ez duela halakorik aurreikustera eraman gaitzakeen inolako informaziorik. "Beste leku batzuetan gertatu izan delako diot".
Armak entregatzeari dagokionez, alde guztien arteko konpromisoa behar dela dio abokatu hegoafrikarrak, Espainiako eta Frantziako gobernuena barne.
Hain justu, gobernuen immobilismoaz luze mintzo da Currin. Harremanetarako Taldeak bi gobernuekin inolako harremanik ez duela dio. "Ez dira haien esku zegoena egiteko prest agertu", dio. "Barne-mailako ekimen miresgarriak ere izan dira, Ipar Euskal Herrian abian jarritakoak adibidez".
Bere hitzetan, PPren eta PSOEren estrategien artean desberdintasun gutxi dago: "Badirudi estrategia bera dutela, ez kolaboratzearen estrategia. Horrekin lan egiteko modua aurkitu behar dugu. Onartu behar dugu hori dela haien lan egiteko era, eta errealitate hori onartuta aurkitu behar dugu aurrera egiteko modua".
Currinek dio bake prozesua "posible" dela orain, baina aurrera egiteko gobernuek esku hartze handiagoa izan behar dutela.
"Bake prozesuak ez du arrakastarik izango, baldin eta presoen auzia aintzat hartzen ez bada", gaineratu du. "Alde guztiak adostasunera heldu behar dira, presoen auzian akordioa lortze aldera. Arrakasta lortu duten beste prozesu batzuetan hori gertatu da".
Datorren astean Euskal Herrian izango dira HNTko kideak. "Prozesuak bizi duen geldialdia nola hautsi eta Madrilen eta Parisen jarreraz gaindi nola lan egin eztabaidatuko dugu", adierazi du Currinek.