Espainiako presidenteak esan zuen "hau guztia" ez dela bukatuko ETAk behin-betiko eta baldintzarik gabeko disoluzioa iragarri arte. "Horren esperoan gaude. Hori da mundu guztiak nahi duena.
Bestalde, Rajoyk babestu egin zuen PSErekiko akordioa bukatutzat emateko Antonio Basagoiti EAEko PPko buruak hartutako erabakia.
Basagoiti: "Hauteskundeak azaroa baino lehen deitzera behartuko dut lehendakaria"
"Lehendakaria hauteskundeak aurreratzera behartuko dut, azaroa baino lehen egin eta denbora oso baliotsua irabazteko", dio Antonio Basagoitik gaur El Mundok plazaratutako elkarrizketan. "Beharrezkoa da lehendakari berriak bere aurrekontuak aurkezteko parada izatea, Rajoyk topatu zuen moduko barrabaskeria bati aurre egin behar ez diezaion".
Otegik preso jarraitzea positiboa ote den galdetzean, zera dio Basagoitik: "Ezker abertzalea hain zintzoa Otegi kartzelan dagoela bihurtu dela esaten badute, erantzuna berehala ateratzen da". Bestalde, egiaztatze batzordea hizpide hartuta, EAEko PPren buruak dio hemen ez duela zer esanik. "Bi alderen arteko gatazka izan den herrialdeetan agian bai, baina hemen ez. Bakeari prezioa jartzea besterik ez dute nahi, eta ez dut haiek ikusteko asmorik".