argia.eus
INPRIMATU
ETAk armak utzita ere, urtean 2,7 milioi euro publiko gastatzen dira alderdi politikoen segurtasunerako
  • Espainiako Kontuen Auzitegiak zalantzan jarri du alderdi politikoek segurtasunerako jasotzen duten diru publikoa, ETAren amaieraren ondoren.

ARGIA @argia 2018ko urtarrilaren 03a
PP eta PSOE izan dira Kontuen Auzitegiak publiko egindako txostenaren arabera segurtasunerako laguntzetan kopuru handienak jaso dituztenak.

2002an jarri ziren indarrean alderdi politikoetako ordezkarien segurtasuna bermatzeko diru-laguntza bereziak, ETAk mehatxatu zituen Euskal Herriko zinegotzien egoera kontuan izanda. Orain, Espainiako Kontuen Auzitegiak alderdi politikoen 2014-2015 urteetako kontuen fiskalizazio txostenean dio, laguntza horien komenientzia baloratu behar dela, egoera berria kontuan hartuta.

Txostenak baieztatzen duenez, 2,7 milioi euro publiko gastatu ziren alderdi politikoen segurtasunerako aipatutako bi urteetako bakoitzean. 2011tik ETAk atentaturik egiten ez duela kontuan hartuta, Kontuen Auzitegiak gaur egungo baldintzak berrikustearen alde egin du.

PP eta PSOE izan dira laguntza horien onuradun nagusiak: 2014an popularrek 1.296.741 euro jaso zituzten segurtasun gastuetarako diru publikotik; 2015ean berriz, 1.258.397. PSOEri dagokionez, 2014an 719.778 euro jaso zituen eta 2015ean 715.045 euro.

Talde armatuak jarduera behin betiko etetea erabaki eta zazpi urtera, badirudi Espainiako erakundeetan aldatzen hasia dela ETA aktibo zegoenean martxan jarritako neurriei buruzko iritzia. Espainiako Barne Ministerioak, adibidez, 2017. urtearen hasieran erretiratu zituen Hego Euskal Herriko zinegotziak babesten zituzten bizkartzainak.