Estreinaldien %1,99 soilik izan da euskaraz Hego Euskal Herriko zinema areto komertzialetan, Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2022. urtean zinemetan egin den euskarako eskaintzari buruzko ikerketaren arabera. Datuak "gordin bezain kezkagarriak" direla adierazi dute.
Pantailak Euskaraz, euskal ikus-entzunezkoen aldeko ekimena, eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2022an Hego Euskal Herriko hiriburuetako zinema komertzialetan egindako estreinaldi kopurua eta eskainitako filmeen hizkuntzak aztertu ditu. Haien arabera, datuak "gordin bezain kezkagarriak" dira: "Euskarazko jatorrizko bertsioan, euskarara bikoiztuta, edo euskarara azpidatzita eskaini den estreinaldia ez da %2ra iritsi. Gazteleraz edo gaztelerara azpidatzita, berriz, filmen %100 eskaini dira".
Irati, Paul Urkijoren filma, ostiralean iritsi da zinema aretoetara. Film berriak euskal ikuslerian sortu duen "poza eta itxaropena" aprobetxatu nahi dituztela adierazi dute Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, 2022. urtean zinemetan egon den euskarazko eskaintzari errepasoa egiteko. Haien esanetan, 2022 osoan zehar ez da euskarazko fikziozko film bakar bat ere estreinatu.
"751 estreinaldietatik, jatorrizko bertsioa euskaraz lau filmek izan dute, euskarara bikoiztuta beste hamaika eskaini dira, eta elebidunak edo hirueledunak direnak beste bi izan dira", azaldu dute bi eragileek. Beraz, 2022an euskarak izan duen presentzia %1,99koa izan da Hego Euskal Herriko zinema komertzialetan. Gainera, euskarazko filmeek izaten duten pase kopurua gaztelerazkoek dutena baino "askoz ere txikiagoa" izaten dela diote. Hortaz, haien arabera emanaldi kopuruari begiratuz gero, euskarazko eskaintza "are txikiagoa" litzateke: %1ekoa.
"Nekez uler daiteke bi hizkuntza ofizial dauden lurralde batean, herritarrei euskaraz bizitzeko aukera horrela ukatzea"
Gauzak horrela, euskaldunon hizkuntza eskubideen "urraketa sistematikoa" dela eta, neurriak eskatu dituzte Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak: "Nekez uler daiteke bi hizkuntza ofizial dauden lurralde batean, herritarrei euskaraz bizitzeko aukera horrela ukatzea eta ondorioz, herritar guztien oinarrizko eskubidea mugatzea". EAEko 10/1982 Legeak, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa, dio "Jaurlaritzak neurriak hartuko dituela bi hizkuntza ofizialen erabilera arian-arian berdintzeraino zineman eta ikus-entzunezko grabazioetan". Lege horrek 40 urte egin ditu, eta bertan jasotzen diren artikulu asko oraindik ere betetzen ez direla salatu dute.
Euskara bermatzeko legearen beharra
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Pantailak Euskarazek uste dute erakunde publikoen ardura dela herritar guztien hizkuntza eskubideak zinemetan babesteko neurriak hartzea: "Beharrezkoa da euskararen presentzia legez bermatuko duten arauak jorratzea Eusko Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean".
Izan ere, ikus-entzunezkoek aisialdian geroz eta denbora gehiago hartzen dutela ikusten dute, zinemetan estreinatzen diren filmak streaming plataformetara iristen dira ondoren, eta beraz, filmak euskaraz ere egotea "ezinbestekoa" da euskararen "normalkuntzan aurrera" egiten jarraitzeko, herritarren arteko "berdintasunean sakondu eta euskarari etorkizun duina" ziurtatzeko.
Era berean, euskarazko ekoizpenak eta euskarara bikoiztutakoak kontsumitzera animatu nahi dituzte euskal herritarrak, eta euskarazko eskaintzarik ez dagoenean salaketak jartzera.