"Euskal Herriko gazte askok parte hartu dute Topaguneko ekimenetan, sozialismo iraultzaileak milaka gazte langileren artean duen atxikimenduaren erakusle dena", adierazi dute GKSk eta IAk ekimenaren osteko balorazio politikoan. Antolatzaileen arabera, milaka gazte elkartu dira Atarrabian eta Burlatan.
Bost egunekoa izan behar zuen Topagune Sozialista bi egunetara egokitu zuten, antolatzaileen esanetan, Atarrabiako eta Burlatako udalen "jarrera aldaketak" eraginda, eta gertakariok "maniobra burokratiko baten barruan" kokatu zituen GKSk. Hala eta guztiz ere, egitaraua moldatuta, Topagunea "berme guztiekin" egingo zutela hitzeman zuten urriaren hasieran.
Topagunearen osteko balorazioan ere Mugimendu Sozialistak seinalatu du "modu burokratikoan debekatu nahi izan" zaiela topaketa egitea. Horrez gain, ekimena arrakastatsua izan dela aintzat hartuta, EH Bilduren eta Sorturen "oinarri sozialari" dei egin die debekuen tankerako "erabaki burokratikoen eta baztertzaileen inguruan hausnartzera".
"Estrategia sozialista berriaren" lanketa
Estrategien "nolakotasunaz eta erronkez" eztabaidatzea izan da Topagune Sozialistaren "erdigunea", antolatzaileen esanetan. Hiru hitzaldi antolatu zituzten ostiralean, eta beste bat larunbatean. Besteak beste "burgesiaren botereari" aurre egiteko militantzia ereduaz, "proletarizazio prozesuaz" eta komunismoaren "berrosaketarako" oinarriez hitz egin zuten.
Horrez gain, ostiral iluntzean manifestazioa egin zuten Burlatako plazatik irtenda, Topagune Sozialistari debekurik ez! Gazte langileon aurkako jazarpenari aurre egin! lelopean. Larunbat eguerdian, bestalde, Atarrabiako plazatik Iruñera abiatu zen beste manifestazio bat, Gazteria langilea Estatu Sozialista eraikitzen! aldarriaren pean. Horrez gain, Palestinako herriari elkartasuna erakusteko argazkia ere atera zuten.
Kanpaldia "debekatuta" bazegoen ere, "gazte andanak" gaua pasa zuen "debekatutako gune nagusietako batean".
"Debekuek ez zuten zentzurik"
Topagunetik indarturik atera direla adierazi dute antolatzaileek: "Baimenik ez edukitzeak dakarren ezegonkortasun guztiarekin ere, bertako ekimenetan milaka gaztek hartu dute parte". Komunikatuan EH Bildu eta Sortu jarri dituzte jomugan, eta haien "oinarri soziala" interpelatu dute, jendeak "hausnartu" dezan haien alderdiaren "erabaki burokratikoen eta baztertzaileen" inguruan.
Bestalde, Poliziaren presentzia ere salatu dute, hiri-sarbideetan kontrolak jartzeaz gain, bertaratutako zenbait kide ere identifikatu dituztelako.