Historikotzat jo du Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak kaleratutako sententzia Arkaitz Rodriguezek. Izan ere, Estrasburgok Espainiako Erresuma zigortu du Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatu zituztelako eta tortura-salaketa horiek behar beste ez ikertzeagatik. SORTUko idazkari nagusiak uste du “justizia poetikoa” egin dela torturaren aurkako egun honetan, Joxe Arregi torturatuta hil zuten egunaren 37. urtemugan. Justizia poetikoaz harago Espainiako erresuman behingoz justizia erreala egin dadila exijitu du.
SORTUren ustez, sententzia honek berresten du ezker abertzaleak urteetan esandakoa: tortura paktika sistematikoa izan da Espainiako Erresuman, eta euskal independentismoaren aurka erabili den tresna da. Berriki Eusko Jaurlaritzaren enkarguz Pako Etxeberriaren lan-taldeak eginiko txostenak 4.113 kasu azaleratu ditu EAEn. Nafarroan, berriz, 700 kasu egiaztatu ditu Euskal Memoria fundazioak.
Torturak erabateko inpunitatea izan du eta estamentu askoren konplizitatea behar izan da horretarako. “Espainiako Gobernuak ez du Nafarroan txostenik nahi torturaren errealitatea azaleratuko lukeelako. Zeren beldur da Espainiako erresuma?”, galdetu du Rodriguezek.
Gaurko sententziak, hortaz, agerian uzten du euskal gatazkan hainbat indarkeria mota existitu direla. Espainiako Erresumak ere indarkeria erabili du, eta gaur egun ere erabiltzen jarraitzen du presoen dispertsioaren bidez, gaixorik larri daudenak espetxean mantenduz edo erabakitze-eskubidearen aurka eginez. Espainiako Estatuak estrategia politiko-militarra albo batera utzi eta bide demokratikoekiko apustua egin beharko luke behingoz, ezker abertzaleak bere garaian planteatu zuen moduan.
Torturaren biktimak gatazkaren biktimak izan dira. “Ez dago normalizazio politikorik, ez dago elkarbizitza posiblerik, biktima guztien aitortzarik eta erreparaziorik gabe. Beraz, torturaren aitortza politikoa eta instituzionala exigitzen dugu”, adierazi du Rodriguezek. Sententzia honen ondorioz, gainera, Mattin Sarasolaren eta Igor Porturen aurkako zigorrak berrikusi beharko lirateke, torturetan oinarritu baitziren. Era berean, tortura salaketak izan diren guztietan, sententziak eta atxilotze aginduak berrikusteko exijitzen du SORTUk.
“Ezker abertzaleari bere iraganaren errebisio kritikoa egiteko eskatu izan zaio. Hemen errebisatzeko gauza asko daude. Asko dira iraganaren errebisio kritikoa egin behar dute eragileak”, adierazi du Rodriguezek, eta jarreraz aldatzeko eskatu die tortura gertatu dela ukatzen dutenei edo tortura bera babesten dutenei.
Torturaren aurkako egunean etorri da sententzia. Gaurko eta datozen egunotarako hainbat ekimen antolatu dira tortura salatzeko eta torturatuentzat aitortza eta erreparazioa eskatzeko.
Otsailak 13. Torturaren aurkako eguna. Mobilizazioak. Gasteizen 19:00etan Correosen.
Otsailak 13. Torturaren aurkako eguna. Mobilizazioak. Iruñean 19:30 Merindadesen.
Otsailak 13. Hitzaldia. Iñaki Egaña historialaria eta Nekane Txapartegi torturatua (bideokonferentziaz) Palmera-Montero Gunean (19:30 Irun).
Otsailak 16. Torturaren aurkako mobilizazioa. 19:30etan Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik (Gran Via), Bilbo.
Otsailak 16. Torturari buruz Euskal Memoria Fundazioak antolaturiko hitzaldia, Laura Pego eta Jose Schulman Liga Argentina por los Derechos del Hombreko idazkari nagusiaren eskutik, 18etan EHUko Ibaetan kanpusean (Carlos Santamaria Zentroa), Donostia.
Otsailak 17. Tortura Aitortzatik harago ekitaldia Kalera dinamikaren aterkipean, Antton Lopez eta Jose Schulmanen eskutik. 13 etan Mosku plazan, Irun.
Espainiako erresumari ezarritako zigorrak, tortura salaketak behar den moduan ez ikertzeagatik:
Auzia: San Argimiro Isasa. Data: 2010/09/28
Auzia: Beristain Ukar. Data: 2011/03/08
Auzia: Otamendi Eguiguren Data: 2012/12/12
Auzia: Ataun Rojo. Data: 2014/10/07
Auzia: Etxebarria Caballero (3344/13). Data: 2014/10/07
Auzia: Arratibel Garciandia (58488/13) Data: 2015/05/05
Auzia: Beortegi Martínez (36286/14). Data: 2016/05/31