argia.eus
INPRIMATU
Estrasburgok kargu hartu dio beste behin Espainiari: errege-erreginen argazkiak erretzea ez da delitua
  • Errege-erreginen argazkiak erretzea ez dela delitua esan dio Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiari. 2007an bi gazteri hamabosna hilabeteko kartzela zigorra ezarri zizkien manifestazio batean orduko errege-erreginen argazkiak erretzeagatik. Espetxea ekiditeko ordaindu zituzten 2.700 euro gazteei itzultzeaz gain, bakoitzari 9.000 euroko kalte ordaina ordaindu beharko dizkie Madrilek.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko martxoaren 13a
2007an erre zuten argazkia Gironako manifestazio batean. Irudia: Toni Vilches

Erret-etxea“iraintzea” egotzita zigortu zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak Enric Stern eta Jaume Roura. Epailearen erabakia Europako Giza Eskubideen Auzitegietan errekurritu zuen euren abokatuak eta hamaika urte geroago iritsi da erantzuna: Auzitegiak aho batez onartu du argazkiak erretzea ez dela gorroto adierazpena eta ezarritako zigorra gehiegizkoa izan zela. Gainera, errege-erreginen argazkia erre izana euren pertsonen aukako ekintza baino, monarkia arbuiatzeko erabili zuten kritika politiko bat izan zela argudiatu du Estrasburgok.

Estrasburgo ez da izan Espainiaren jarrera kritikatu duen erakunde bakarra. Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak gogor egin du azken aldian Madril hartzen ari den joera zorrotzaren aurka eta “terrorismoa goratzearen delitua” zigor kodetik ezabatzeko eskatu dute. “Adierazpen askatasuna urratzen ari dira, gero eta murritzagoa da desadostasuna adierazteko dagoen tartea”, salatu du erakundeak ohar bidez. Zigorren beldur, Interneten askok euren burua zentsuratzen dutela ere nabarmendu dute.