Estrasburgoko Giza Eskubideen auzitegiak hainbat aldiz zigortu izan du Espainiako Estatua euskal preso politikoek salatutako torturak ez ikertzeagatik. Lehen aldia da ordea, Espainia zigortzen dutela preso bati inkomunikazio aldian konfiantzazko abokatua ukatzeagatik. Estrasburgok dio Xabier Atristainek bere buruaren aurka eginiko hasierako deklarazioa frogatzat onartu izanak prozesu penalaren ekitatean eragin zuzena izan zuela. Ikusteko dago honek zer ondorio ekarriko dituen beste epaiketa askotan, preso askori ukatu izan baitzaie konfiantzazko abokatua.
2010an Xabier Atristain atxilo inkomunikatuta zeukatela bere konfiantzazko abokatua aukeratzen utzi ez izana zigortu du Europako Giza Eskubideen Epaitegiak.
Estrasburgoko epaitegiaren ustez, "ez zen inolako azterketa zehatzen gainean oinarritu atxilotuari bere aukerako abokatua ukatzeko eskubidea ukatzean" eta beraz, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 6. artikulua urratu zuten. Epaiketa justua eta atxilotuak aukeratutako laguntza legala izateko eskubidea, hain zuzen.
Espainiako Estatuak Atristaini kalte-ordainak ordaindu beharko dizkio: 12.000 kalte moralengatik eta beste 8.000 epaiketaren gastuengatik.
Xabier Atristain ETAko kide izatea egotzita espetxeratu zuten eta Martutenen daukate. Naiz hedabideari bere abokatuek adierazi dionez, Epaitegi Goreneko sententzia berrikusteko errekurtsoa aurkeztuko dute, Estrasburgoko epaia nahitaez bete beharrekoa baita.