Giza Eskubideen Europako Auzitegiak urtarrilaren 19an ebatzi du Espainiak ez zituela Iñigo Gonzalezen tortura salaketak behar bezala ikertu. Espainiak 20.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio Gonzalezi. Guardia Zibilak sei kide atxilotu zituen 2011ko operazio hartan, Ekineko kide izatea egotzita eta horietatik bostek torturak salatu zituzten. Gonzalezen tortura salaketaren aurretik, operazio hartan atxilotutako beste bi kideren salaketa aintzat hartu zituen Estrasburgok: Patxi Arratibel eta Xabier Beortegirena.
Patxi Arratibel, Iñigo Gonzalez, Iker Moreno, Gorka Zabala, Xabier Beortegi eta Gorka Mayo atxilotu zituen Guardia Zibilak Grande-Marlaska epailearen aginduz 2011n. Haietako bostek torturak salatu zituzten (Gorka Mayo izan zen torturarik salatu ez zuen bakarra) eta zehazki Iñigo Gonzalezek salatu zuen kolpeak, poltsa bezalako metodoak eta bortxaketa simulazioak jasan zituela.
Arratibelen eta Beortegiren salaketak Estrasburgoraino heldu ziren, eta Giza Eskubideen Auzitegiak tortura salaketei sinesgarritasuna aitortu eta bi kasu horietan Espainia zigortu zuen, salaketak ez ikertzeagatik. Orain hirugarrenez zigortu du Espainia, polizia operazio horren baitan: Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi du Espainiak Europako hitzarmeneko hirugarren artikulua urratu duela, alegia, ez zituela behar bezala ikertu Gonzalezek salatutako torturak.
Espainiako Estatuak 20.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio Gonzalezi, "kalte moralengatik", hiru hilabeteko epean.
Albiste honetan jaso ditugu tortura kasu haien beste zenbait informazio.