argia.eus
INPRIMATU
Estimulatu, kontsumitu, zorpetu: Aste Santuan zertarako saltokiak ireki?
  • LAB eta ELA sindikatuek mobilizazioak antolatu dituzte Donostian, egunotan ateak irekiko dituzten hainbat komertzioren aurrean. Eusko Jaurlaritzaren ustez turismoarentzako “estimulua” litzateke saltokiak irekita edukitzea.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2017ko apirilaren 11

Aste Santua bertan da eta langileen baldintzei bete-betean eragiten dien eztabaida berriz azaleratu da: jai egunetan saltokiak irekita edo itxita edukitzearena. Sindikatuek, orain arteko esperientzia eta ikerketak eskuan, uste dute okerreko bidea dela dendak irekitzea, ez duelako onurarik ekartzen herritar eta langileentzako. Bestela pentsatzen du EAEko gobernuak.

Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburu Alfredo Retortillok oporraldi hauetako kanpaina eta datuak aurkeztu ditu berrikitan. Azaldu duenez hotel eta nekazal etxeetako okupazioa %90 baino gehiago izango da eta “turismo esperimentala” ardatz hartuko duen kanpaina egingo dute.

Retortilloren ustez saltokiak itxita edukitzea “aprobetxatzen ez den aukera bat” da, hiriek “basamortu sentsazioa” edukitzeak ez baitu turismoa estimulatzen, bere aburuz.

Kanpotik bisitan etorritakoek egin dezaketen kontsumoan jarri du azpimarra sailburuak, eta hortik sortuko liratekeen etekin ekonomikoen banaketa “ekitatiboaz” hitz egin du: “Ikusi behar da nola eragiten die etekin horiek, ez bakarrik enpresei edo merkataritzari, baita langileei ere”.

Ongizatean arrakalak

Sindikatuek baina, garbi dute herritarren ongizatean arrakala handia sortzen duela jai egunetan dendak irekitzea.

LABek eta ELAk ohar bidez azaldu dutenez, ez dira lanpostu gehiago sortzen, langileek ordu gehiago sartzen dituzte kobratu gabe, ondoren ordu horiek “kasurik onenean lan egunetako deskantsuarekin konpentsatzeko”.

Aisialdiaren galeraz gain, kontsumismoa bultzatzeak sortzen duen zorpetzea ere nabarmendu dute: herritarrak ez badu gehiago irabazten ez du gehiago gastatuko, harik eta zorpetzen ez bada.

Donostian mobilizazioa antolatu dute sindikatuok asteartean 11:00etan, ateak ireki behar dituzten hainbat saltokiren aurrean. Gipuzkoako hiriburuan aspaldion ari dira borrokan hainbat denda handik jaiegunetan irekitzeko hartu duten joeraren aurka, Jaietan Denok Jai plataforma ere sortu dute horretarako.

Donostiako Udalak sustaturiko merkatarien plataforma batek baina, bere aldetik, Donostia San Sebastian shops atarian Aste Santu honetan irekita egongo diren saltokien mapa eskegi du, "erosketa" turismoa bultzatzeko helburu argiz.

ELA eta LABen ustez, Aste Santuan saltokiak irekitzea “igande eta jai egunetako irekiera normalizatzeko estrategia argia dira”. Sindikatuok esku artean dituzten datuek diote dendak irekita edukitzeak ez zuela kontsumoaren igoera deigarririk ekarri pasa den urtean –Eusko Jaurlaritzak berak onartu du turistek enogastronomiak erakarrita bisitatzen gaituztela–.

Barne kontsumitzaileak ere ez du halakorik nahi: herritarren %94 saltokien ordutegia zabaltzearen kontra dago.