argia.eus
INPRIMATU
Estigma

Asier Beramendi 2020ko urtarrilaren 21a

– Erretzeari utzi diozun arte ez zarela erabat aske sentitu diozunean, kalamuaz ari zara, ezta?
– Ez, ez. Tabakoaz.

Eta irrati-estudioko erlojuak hedabidean hain maitatuak diren isiltasun segundoak nola neurtzen zituen entzun ahal izan nuen ia: tik-tak, tik-tak…

Adikzioaren gaixotasuna pairatu zuen gazte bat elkarrizketatzen ari zen esataria. Nerabezaroa atzean uztear zegoen mutilak alkoholarekiko, speedarekiko, kokainarekiko edota apustu-etxeekiko izandako bizipenak azaltzen zizkion, kazetariak erabat aske noiz sentitu zen galdetu eta espero ez zuen erantzuna jaso zuen arte –erretzailea ote?–.

Estigma hitzak greziera zaharrean du jatorria. Ziztada, zauria edota orbana –baita santuen jainkotasun-zauriak ere– izendatzen ditu. Latinez, delitugileei eta ihes egiten saiatzen ziren esklabuei burdin goriz azalean egindako markari esaten zioten estigma, egun animaliekin egiten den moduan.

Astakeria bat entzuteko aukera izan nuen aurrekoan, lagun batzuekin elkartu nintzenean. Etorri ezin izan zuen beste batez ari ziren “ikusi duzue nola igotzen dituen trasteak kotxera? Hain da lodia belauna dardarka hasten zaiola. Ikusten dudan bakoitzean sufritu egiten dut… Badakizu nortaz ari naizen, ezta?”, ziurtatu nahi izan zuen ni iritsi eta berehala. “Ikusi duzu nolako tripa duen? Zerbait pasa behar zaio, arazoren bat izan behar du, inork ez du horrelakoa izan nahi, hain potoloa”.

Gaixoa. Munduan dauden desgrazia guztien artean lodia izatea tokatu izana. Baina, hori gutxi balitz, potolo izateari uztea oztopatzen dion beste arazo bat eduki behar du, noski. Hala ez balitz, aspaldi argaldu litzateke, ezta? Inork ez duelako horrelakoa izan nahi; noski ezetz. Eta nahikoa arrazoi da hori aldatzeko.