argia.eus
INPRIMATU
Esther Quintana: “Gomazko pilota baten azken biktima izan nahi dut”
  • Esther Quintanak, iazko azaroan Mossoek jaurtitako pilota batengatik begia galdu zuen emakumeak, salatu du inork ez duela gertatutakoaren erantzukizunik bere gain hartu: "Gertatu zaidana edonori gerta dakioke, zure semeari, amari, bikotekideari".

ARGIA @argia 2013ko uztailaren 12a
Gomazko pilotak debekatzeko eskatu du Quintanak (Argazkia: Parlament.cat)

Kataluniako Parlamentuan agerraldia egin du Quintanak, segurtasun eredua aztertzen duen batzordean, Ojo con tu ojo plataformako ordezkari moduan.

Azaroaren 14ko greba egunean galdu zuen begia, Bartzelonan. "Inork oraindik zalantzarik balu, begia lehertu zitzaidanean ez zegoen batere istilurik, ez desordena publikorik, ezta kontrolatu beharreko jende multzorik ere. Etxera itzuli nahi nuen, besterik ez", azaldu du 42 urteko emakumeak.

"Non daude erantzukizunak?", galdetu du, Barne Departamenduari zuzenduta. "Non daude gertatutakoari buruzko txostenak? Ikusi egin nahi ditut. Generalitateak gabezia handiarekin kudeatu du gertatutakoa. Departamenduak ez zuen nire osasun egoerari eta jazotakoari buruzko interesik agertu, ezta egun batzuk geroago ere, prentsaurrekoan horren berri eman genuenean. Euren irudia garbitzeak besterik ez ditu kezkatu". Felip Puig ministro ohiak deitu ez izana kritikatu du Quintanak: "Soilik prentsa bulegoko pertsona batek deitu zidan, eta bere telefono zenbakia utzi".

"Edozein herrialde demokratikotan, dimisioak emango lirateke", jarraitu du Quintanak.

Bestalde, Stop bales de goma plataformaren izenean Nicola Tannok hitz egin du Parlamentuan. Hark ere begia galdu zuen pilotakada batengatik. "Hau ere biolentzia da. Ala ez?", galdetu du: "Pertsona batzuek bizi osorako kalteak dituzte. Lehendabizi debekatu ditzagun gomazko pilotak, eta ondoren erabakiko dugu haien lekuan zer erabili. Gertaeren hierarkia bat dago".

Lluís Guiñó CiUko diputatuak Quintanari barkamena eskatu dio bere taldearen izenean, eta gomazko piloten biktimek ordaina jasotzeko moduak bilatuko dituztela adierazi du, nahiz eta ez duen esan zehazki zertaz ari den.

Esther Quintanaren agerraldia: