argia.eus
INPRIMATU
Esther Quintana auzia: mossoen deklarazioen sinesgarritasuna kolokan
  • Esther Quintanaren auzian “egia osoa” esan ez duten mossoak daudela onartu du komisario buru Josep Lluís Traperok El Matí de Catalunya Rádio saioan. Quintanak 2012ko maiatzaren 14ko greba egunean galdu zuen begia, mossoen jaurtigai baten kolpeak eraginda.

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2016ko maiatzaren 31
Esther Quintanak 2012ko maiatzaren 14ko greba egunean galdu zuen begia, mossoen jaurtigai baten kolpeak eraginda.

Traperok ezbaian jarri du ikerketaren zilegitasuna, mossoek epaileari “informazio zehaztugabea” eman ziotela eta. Horren aurrean, azaldu du ikerketa berreraikitzea ahalbidetuko duen zantzurik aurkitzen badute, aurrera egingo dutela.

Mossoen inspektore eta Sindicat de Comandamentseko idazkari nagusi Jordi Dalmauk ere jardun du gaiaren inguruan. “Informazio asko denbora murritzean eman nahi izatea izan zen egin genuen akatsa”, adierazi du. “Norbaitek gezurra esan du”, berretsi du.

Dalmauk azaldu du tiroaren egilearen inguruko susmorik izan badutela, baina ez dutela ezer frogatzerik lortu. Azaldu du ez litzatekeela “jokabide ausarta” izango pertsona jakin bati errua botatzea, epaileak berak ere harago joaterik lortu ez duenean.

Ez dago argi zein izan zen Esther Quintanari zauria eragin zion jaurtigaia: salaketak errua gomazko pilota bati botatzen dio arren, zauriaren eragilea “foam”-ezko jaurtigai bat izan zela diote mossoek.   

Auziaren epaiketan, absoluzioa mossoentzat

Bartzelonako Auzitegiak absolbitu egin zituen Esther Quintanaren kasuaren harira epaituriko Esquadra Mossoen E-40 unitateko inspektore ordea eta eskopetaria. Bartzelonako Auzitegiaren aburuz, ezin da frogatu Quintanaren begian jo zuen tiroa beraiek bota zutenik.