argia.eus
INPRIMATU
Estellerriko Bibliobus liburutegi ibiltaria Nafarroako Erdialdera zabalduko da
  • Kultura, Kirol eta Turismo kontseilariak pasa den legealdian martxan jarri zuen zerbitzua “arrakastatsua” izan zela adierazi du legebiltzarrean, 8.000 pertsona baino gehiagok erabili baitzuten 42 udalerritan. Nafarroako Gobernuak, halaber, Sendaviva parkea “birmoldatuko” duela iragarri du, “erreferentziazkoa” bihurtu eta ekonomikoki “jasangarria” izan dadin.

Mikel Urabaien Otamendi @mikel_ura 2023ko irailaren 29a
Bibliobusa, Iguzkitzako geldialdian. (Argazkia: Navarra.es)

Nafarroako Gobernuak “liburutegi zerbitzuak herritar guztiei helarazi” nahi dizkie, “bizi diren lekuan bizi direla”. Horretarako, 2022ko urrian Estellerrian abian jarri zen Bibliobus izeneko autobus ibiltariaren eredua erkidegoaren Erdialdera ere eramango dela azaldu zuen Rebeca Esnaola Kultura, Kirol eta Turismo kontseilariak asteartean Nafarroako Legebilzarrean, legealdi berriari begira bere sailaren lan ildo nagusiak aurkezteko batzordean.

Neurri hau kontseilaritzaren programaren erakusle dela esan liteke, deszentralizazioa izango baita Kultur sailaren politiken ezaugarririk nabarmenena. Ildo honetatik, erabaki guztiak “lurralde-kohesioa” hobetzeko asmoz gauzatuko direla azpimarratu du behin baino gehiagotan bere aurkezpenean zehar. Izan ere, “Bibliobusa lehentasunezko proiektua da irisgarritasun kulturalari, lurralde politikak garatzeari, despopulazioari aurre egiteari, eta landa inguruneko biztanleriaren aukera berdintasuna bermatzeari dagokionez".

“Aurreko legealdian 42 udalerritan eta bost eskolatan banatutako 47 geldialdi egiten zituen Bibliobusak, 8.000 pertsona baino gehiagorengana helduta”, aipatu du Esnaolak. Ekimenaren “arrakastarengatik” harro agertu da kontseilaria, “irakurketa duintasunezko eskubide gisa” ulertzen baitu.

Estellerriko Bibliobusak, liburu, aldizkari eta filmak garraiatzen ditu egunero herriz-herri. Sei ibilbide egiten dituzten beste hainbeste ibilgailu daude guztira, eta haien geldialdiak eta ordutegiak Nafarroako Liburutegi Publikoen Sarearen webgunean kontsulta daitezke. Gainera, ezohiko geldialdia eskatu daiteke webgunean bertan dagoen galdetegi bat betez, dokumentuak etxeko atean bertan jaso ahal izateko.

Nahiz eta liburutegi baten tamaina ez izan, Bibliobusaren eskaintzak Nafarroako Liburutegien Sarearen beste edozein egoitzaren antzekoak dira: zerbitzua erabiltzeko txartela lortzea eta liburutegien arteko maileguaren bidez beste liburutegi batzuetako liburu, film edo diskoetara heldu ahal izatea.

Bestalde, turismoari erreparatuz, Esnaolak esan du datozen lau urteak “funtsezkoak” izango direla “Sendavivaren eta bere ingurunearen birmoldaketan”. Horretarako, zehaztu du aurreko legealdian Erriberako hainbat eragilerekin “elkarlanean” egin den “hausnarketa prozesuaren” ondorioak aztertu eta neurriak hartuko direla Arguedaseko aisialdirako natur parkea “erreferentziazkoa” bihurtu eta ekonomikoki “jasangarria” izan dadin. Gogoratu beharra dago 2004an ireki zenetik, Sendavivak ia 90 milioi euroko diru laguntza publikoak jaso behar izan dituela bizirauteko.