Espainiako Poliziak astearte eguerdian atxilotu zuen bere etxean, Iturmendin (Nafarroa), antza sare sozialetako mezuren batekin lotuta. Arratsean segundo batzuetako deia egin zien senideei Madrilera eramaten zutela jakinarazteko, ARGIAk jakin duenez. Estefanía Cerverak 63 urte ditu eta senarra zena urte luzez egon zen espetxean.
Atxiloketa eta ordu batzuetara telefono dei bat jaso zuen alabak, eta adierazi zieten haien ama atxilotu zutela. Hala ere, ez zieten eman bestelako informaziorik, ez nork egin zuen atxiloketa, ez zergatik eta ez non zegoen.
Unai Otermin alabetako baten senarrak ARGIAri jakinarazi dionez, alabak amaren etxera gerturatu zirenean, telefono mugikorra lurrean eta janaria eginda aurkitu zuten: “Egiten ari zen dena bertan behera utzi izan balu bezala zegoen, desagertu izan balitz bezala. Atxiloketa erabat surrealista izan da”. Espainiako Poliziara deitu zuten eta ez zieten inolako informaziorik eman.
Iruñeko Chinchilla Jeneralaren kaleko Espainiako Poliziaren egoitzara joan ziren ondoren ea han zegoen galdetzera, baina han ere ez zieten ezer baieztatu. Hala ere, jaso egin zieten senideek eramandako amaren medikazioa. Azkenean, arratsean, amak berak hamabost bat segundo iraun zuen telefono deia egin zien alabei, eta jakinarazi zien atxilotuta zegoela eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz Madrilera eramango zutela.
Antza denez, “terrorismoa goratzea” leporatzen diote eta baliteke atxiloketaren arrazoia sare sozialetan egindako iruzkinen bat izatea. Hala ere, senideek hori baieztatu gabe dute oraindik.
Otermin suhiak salatu du “hau eskubide urraketa ikaragarria” dela eta ulertezina dela nola gerta litekeen horrelako atxiloketa bat molde horretan, halako akusazio bat egiteko halako atxiloketen beharrik ez dagoenean: “Estefaniaren iritzi askatasuna ere urratu da”.
Asteazkenean batzar informatiboa egingo dute Iturmendin 19:00etan.