Podemosek eta bere inguruan sortutako hautagaitza zabalek oso emaitza onak izan dituzte Espainiako Estatu osoan. Oso adierazgarria da Pablo Iglesias buru duen alderdiak lortutako eserlekuen erdia baino gehiago –66tik 36– Herrialde Katalanetan, Hego Euskal Herrian eta Galizian eskuratu izana.
Bigarren lotu da Podemos PPren ohiko gotorlekuetan: Madril, Kanariak, Valentzia, Galizia –BNG ordezkaritzarik gabe utziz– eta Balear uharteetan. Garaile izan da independentismoaren gune nagusietan: Euskal Herria eta Katalunia. Horretan eragin handia izan du Valentziako, Kataluniako, Galiziako hautagaitza zabalen formulak, baita beste hein batean Nafarroako senaturako sortutako Aldaketak ere. Podemosekin lotura zuzena badute ere, denek ez dituzte interes berdin-berdinak. Adibidez, ez dira konparagarriak José Julio Rodríguez NATOko jeneral ohia –Zaragozako Podemosen ordezkatzen duena–, profil ezkertiar argia duen Valentziako Monica Oltra edo A Coruñako alkate Xulio Ferreiro. Estatuarekiko baino lurraldearen egoera espezifikoarekiko askoz lotura handiagoa dute hautagaitza horie, baita gizarte sektore zabalagoa bildu ere. En Mareak, En Comúk eta Compromísek Kongresuan talde propioak osatzeko aukera printzipioz lagungarria izan daiteke Estatu mailako joerek tokian tokikoa estali ez dezaten.
Katalunian gertatutakoa oso aipagarria da. Prozesu independentistak Kataluniako Principateko ohiko panorama politikoa hankaz gora jarri du. Estatuko alderdi guztiak eta herritar andana hango emaitzei begira izan dira eta ikusgarria izan da aldaketa: Artur Masen alderdia, ia 400.000 boz galduta, laugarren indarra izatera pasa da, ERC independentismoaren lehen indarra bilakatu da 350.000 boto gehiago bilduz, eta Ciudadanosen sorterriak berak bosgarren postuan utzi du Albert Rivera. Irabazlea, alde handiz, En Comú Podem koalizioa izan da, bigarrena oso atzean utzita, 927.000 bozek 78ko erregimena historia dela berretsi eta aldaketa ozen aldarrikatu dute. Ukitzen duen oro arrakastatsu bilakatzen jarraitzen du Ada Colauk –Bartzelonak eta bere inguruko Gerriko Gorrian jasotako boz andanak eman dio erabateko garaipena–. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik erabakitzera pasa nahi du independentismoak, eta bide horretan arrakastarik izango badute En Comú Podemen oinarriak oso kontuan izan beharko dituzte. Hauteskundeetako emaitzek marraztutako gehiengo berriaren begietara Artur Mas pribatizazioen, kasta katalanaren eta ustelkeriaren aurpegi nagusia da. Beraz, independentismora sektore berriak gehitzeko Mas buru ezartzea egun lagungarria baino oztopo dela diotenak ulertzeko argigarriak dira datu hauek. Korapiloa zein norabidetan askatuko duten laster jakingo du, 27tik aurrera ziurrenik.