argia.eus
INPRIMATU
Estaturik gabe ez dago etorkizunik

Josu Iraeta 2020ko abenduaren 10

Pena sentitzen dut euskararen etorkizuna hain azaletik aztertzen denean. Pena, denbora badoalako eta ez duzuelako onartzen Estatuaren jabe izateak soilik, bermatuko duela euskararen etorkizuna.

Zer behar duzue ba, historiak bere bide latz eta ilun guztiak, begien aurrean jartzea? Orain arteko zuen ekarpenak, txikiak eta politak bezain eskasak direla esatea? Hemen doakizue historiaren nire laburpen serioa.

Euskal Herria euskararen herria izanik, ez gara atzo jaiotakoak, eta mota guztietako kolonizazio eta ukazioen gainetik, gaur arte bizirik irauteko lan eta borroka latza egin izan du Herriak. Azken egunak lekuko.

Historikoki inperioak eta estatuek bi estrategia erabili dituzte zapaldu dituzten herriak desagerrarazteko: genozidioa eta asimilazioa.

Lehenengo kasuan herritarrak fisikoki akabatu zituzten eta Herriak desagertu egin ziren. Hori da Herri askoren historia tristea, horra hor Ameriketako edo Australiako indigenekin gertaturikoa.

Bigarrenean, herritarrak bizirik utzi zituzten, baina, nortasuna aldarazita. Estatu zapaltzailearen kultura eta hizkuntza ezarrita. Horrela dihardute Euskal Herriarekin.

"Herri bati hizkuntza ordezkatzean, arrozte-prozesuan sartzen da, eta hizkuntza komunitatea osatzen duen jendeari, bere elementurik funtsezkoena aldatzean, pertenentzia ere aldatu egiten zaio"

Inork ez dezake uka, Herri bati hizkuntza ordezkatzean, arrozte-prozesuan sartzen dela, eta hizkuntza komunitatea osatzen duen jendeari, bere elementurik funtsezkoena aldatzean, pertenentzia ere aldatu egiten zaio, hizkuntzaren bidez beste Herri baten partaide egiten baita.

Horrela sortu da Euskal Herrian dagon euskal herritar askoren identifikazio prozesua. Gaur egun, euskal herritar asko espainol sentitzen dira eta beste asko frantses.

Mendeetako ordezkapen prozesu hori, kontzientea izan da, nahita bultzatua, eta bere emaitzak utzi ditu, eta gainera etorkinen integrazioa zaildu egin du.

Beraz, hizkuntza gai estrategikoa da nazio proiektu guztietan. Horregatik euskara gai estrategikoa da gure nazio proiektuan.

Euskal Herria euskararen herria izaki, gure nazioaren izatearen nortasunaren osagai nagusia da hizkuntza. Ez dago euskararik gabeko Euskal Herririk.

Euskararen auzia laburbilduz, historikoa da. Azaldutako egoera hau estatuek mendeetan zehar burututako indarkeriaren ondorioa da, eta gaur egun “demokratikoki” indarrean gorde nahi dute.

Ordaintza historikoa egin ordez, errepresio historikoari eman diote jarraipena, bi erdararen nagusitasuna bermatzen duen “neutraltasuna” bideratuz.

Hizkuntza politika ofiziala eta bere ondorioak argiak eta ukaezinak dira. Eskasak dira, horretan ez dago zalantzarik. Horregatik ari gara, ari garen bezala.

Abian jarri izanak, euskaraz bizitzeko milaka ahaleginek, txaloa baino zerbait gehiago merezi dute. Euskaldunen artean arro eta alai, euskara hutsean bizitzeak aste pare bat, zoragarria da, baita hunkigarria ere, baina festa berak agertzen digu, zenbat gabezia ditugun. Ala ere, beste garai bateko egoera ekarri nahi nuke.

Joseba Arregi, Ardantzaren kultura sailburu zelarik eta “Egunkaria” sortzekotan zegoela, aurka egin zion, esanez ez dugula egunkari politikorik behar. Berak, bere sailetik, egunero eta etxe guztietara, egunkari bat dohainik eramango zuela esanez. Tristea baino egia borobila. Zorionez gaurko kultura sailaren burua, sendoagoa da, baina bide okerretik dabil.

Festa alaiak ez ditu aldatzen egoera tamalgarriak. Egungo egoera juridiko zatikatzaileak, ez bakarrik euskara, baita euskal herritarren desegituratze funtzionala, lurraldekoa eta pertsonala ere indartu ditu.

Munduan zehar jakina da gure Herri maitagarri honetan sukaldari ospetsu ugari ditugula, baina zoritxarrez, baditugu –eta ezagunak dira– dilista osagai hutsarekin, arrain-zopa egiten dutenak ere.

Horrelakoak behar dute izan denborak eta erritmoak neurtuz, malgutasunez ia mende erdia euskara kudeatzen jardun dutenak, pozik egoteko. Diotenez euskara osasuntsu dago eta etorkizun oparoaren jabe da.

Ez naiz iritzi berekoa, are gehiago, uste dut hori diotenak, sobera harrokeriaz ari direla plazaratzen, dauden hausnarketak. Izarren hautsaren parekoak, politak bai, baina eskuraezinak.

Horregatik nire iritziz, independentzia eta sozialismoa beharrezkoak dira euskararen iraupenerako, horien bidez bakarrik saihestu ahal izango baitugu hizkuntzak egun dituen arrisku larrienak, besteak beste: estaturik eza eta neoliberalismoa.

Euskararen etorkizuna bermatzeko, nahitaezkoak dira independentziak emango duen Estatuaren laguntza, eta gainera, sozialismoaren bitartez neoliberalismoa gainditzea, baita hain errotua dagoen uniformetasun joera urratzea.

Nolanahi ere, euskarari eusteko eta euskara euskal herritarron komunikaziorako hizkuntza nagusi bilakatzeko ardura euskaldun guztiona da, ekarpen unibertsala izanik, lehenik eta behin, gurea delako.

Ardura horrek, euskal herritar oro lotzen ditu, euskararen aldeko lanak atzeraezinak baitira.

Hizkuntzak, nazio barrura begira, elkartu egiten ditu herritarrak, eta komunitate bakar batean eratzen lagundu. Nazio barrukoen batzaile da, baina, aldi berean, beste nazioetakoentzat bereizle ere bai. Hortik datorkio hizkuntzari nazio-identitatearen zeinu irmoaren izaera. Horregatik jotzen dugu euskara, Euskal Herriko tresna integratzaile nagusitzat.

Beste inoren kultura ukatu gabe, euskararen bidez baikara guztiok euskaldun. Beraz, hizkuntzarik gabe, euskararik gabe, ez dago etorkizunik.