argia.eus
INPRIMATU
Polizia Gure Esku Dago ikertzen ari dela iradoki du Espainiako Gobernuak
  • Espainiako segurtasun indarren “zerbitzu antiterroristak” Gure Esku Dago ikertzen ari direla iradoki du Espainiako Gobernuak. Jon Iñarritu Amaiurreko diputatuaren galderari erantzunez, Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak “ETAren babeserako egiturek gizarte mugimenduetan duten eraginaz" informazioa biltzen dutela azaldu du Gobernuak.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko irailaren 16a
Ekainaren 8ko giza-katearen bezperan Estatuko segurtasun indarrek Gure Esku Dago-ren inguruko txostenak egin zituela argitaratu zuen El Mundo-k. (Arg.: Amorebieta)

Ekainaren 8ko giza-katearen bezperan, El Mundo egunkariak argitaratu zuen segurtasun indarren zerbitzu antiterroristak Gure Esku Dago-ren inguruko hainbat txosten egin zituela. Txostenek ziotenez, “mugimendua ezker abertzaletik bereizi arren, indar politikoen metaketa helburu duen ezker abertzalearen 'Euskal Bidea' estrategiaren baitako ekimenetako bat da”.

Iñarrituk Espainiako Parlamentuan informearen inguruan galdetzean, exekutiboak erantzun du “Estatuko segurtasun indarren eginbeharra ETAren aurka borrokatzea dela, ez baita desegin eta ez baititu armak entregatu”.

Bestetik, Iñarrituk aipatutako txostena ez dela hedabideetara helarazi azaldu du Gobernuak.

Indar politiko legalen espioitza

Amaiurreko diputatuak indar politiko legalen inguruko espioitzaz ere galdetu dio Gobernuari. Gobernuak erantzun du Estatuko segurtasun indarrek ez dutela egin alderdi politikoen erregistroan dauden erakundeen gaineko ikerketarik, “are gutxiago espioitzarik”.

“Legez kanpoko jarduna egin dezaketen pertsona eta erakunde jakin batzuen inguruko ikerketa puntualak” epaile eta fiskalen eskariei erantzunez eta epaitegien kontrolpean egiten direla azaldu dute.