argia.eus
INPRIMATU
Estatuko politikaren nora eza nagusi da bozen kanpainan
  • Frantziako Estatuko departamenduetarako bozen kanpainak astea bete du. Pirinio Atlantikoak departamenduan gertatuaz zertzelada zenbait ekarri dugu, Hexagonokoari zeharkako behako bat emanez. “Nora ezaren hauteskundeak” izendatu ditu Eneko Bidegain analistak, eta gu ere hala direlakoan gaude.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2015eko martxoaren 16a
Iparraldeko kantonamendu berriak

Eneko Bidegainek dioenez, Iparraldeko abertzaleak euskal identitatearen ordezkari soilak bezala agertu izaten dira, baita euren proiektua arazo guztien konpontzaile bezala agertu ere. Horrek baina ez luke eragin behar abertzaleen euskara eta nazio proiektuaren norabidean, horiek izan behar dute abertzaleen proiektuaren ardatzak, alegia.    

Lerro horiek eztabaidatu edota baloratu gabe, konstatazio bat:

– Iparraldean, lehen astean garatu den bozen kanpainaren dinamika nagusiak abertzaleen esparru sozialean ematen ari direlakoan nago. Hots, Estatuan diharduten hedabide nagusiez landa, tokiko eragile sozialek eta hedabideek atxikitzen dute pizturik kanpainaren garra, berez ahula bada ere.

Hona, kanpainaren mapa marratzen duten hainbat lerro adierazgarri::

– Zuberoaz eta mendialdeaz oro har aritu direnean, hautagaien ahotan “hustu” eta “betetze” hitzak nabarmendu dira. Hots, lurralde antolaketa eta jendartearen behar gorriari erantzuteko tokiko garapen ekonomikoa da funtsezkoa, hustuz doana bete behar delako. Bistan denez, EH Bai eta EAJren hautagaiek ez dute frantses eskuineko (UMP eta zentroko MODEM) eta ezkerreko (PS) helburuekin bat egiten, ezta bi muturrekoekin ere, Front nationale (FN) eta Front de Gauche (FG), baina Ipar Euskal Herria honez gero, subjektu gisa aipatzen da gero eta gehiago. Halaber, denek diotenez, ñabardurak ñabardura, emakumearen parte-hartzea errealitatea da, eta zahartzen ari den jendartean gazteak laguntzea berebiziko da. Laborarien kopurua atxikitzea ez ezik, emendatu beharra aipatzen da.

Barnealdetik itsaso aldera etorrita, beste zenbait lerro:

– Pirinio Atlantikoetako bi elkargo edo komunitateen artean oreka erdietsi behar da. Baldin eta iragarri bezala, hauek departamendurako azken bozak balira, Biarnorekin partekatutako marko politiko beste gisa batez antolatu beharko litzateke, biarnesen menpekotasun dependentziatik askatu beharko lukete euskaldunek, errate baterako. Anartean, alderdi guztiek Biarnorekiko oreka egokiagoa ezartzea hobetsi dute. Zuberoak Biarnori begiratu beharrean, itsaso aldera begiratu behar du, baina erakunde nahiz eragile ekonomiko nagusiek erresistentzia ezartzen diote nahi horri. Emakumearen jarduera errealitatea da, baina gogor borrokatuz gero. Gazteriaren egoera hobetu beharra dago, zinez txarra baita. Abertzaleek, Departamenduaren egitura desagertu ondoren, Herri Elkargoa instituzioa onartu eta hobetsi dute. Gaineratiko alderdiek, ez dute begi txarrez ikusten aukera hori, alta, aukera hori bozen kanpainan aiseago aitortua izaten dela ahantzi gabe. Dena den, Lurraldearen erreforma eta Hegoaldearekiko mugaz gaindiko harremana alderdi nagusien agendan daude. Ez da gutxi.

Bi zertzelada gehiago. Bozen kanpainaren lehen aste honetan bi berri garrantzizkoak eman dira.

– Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako lehendakari Andre Garreta honela mintzatu da: “Ipar Euskal Herriko ekonomia beheiti ari da, Industrian salbu. Eraikuntza sektorearen egoera kezkagarria da”. Hots, deslokalizazioak biziki eragin du Iparraldean ere. Espainiatik eta Portugaletik datozen enpresen jarduerak tokiko fiskalitatean eragin du, okerrerako bistan da.

– Caroline Phillips da Garapen Kontseiluko presidente berria. Komunikazioan sakondu beharra azpimarratu du, baita Iparralderako instituzioaren eskaera eginen duela berretsi ere.

Ipar Euskal Herriko kanpainako aireak horrela, Estatutik datozenek honela ufatzen dutelarik:

– Eskuinak (UMP) eta PSk sustatu deszentralizazio politikari zentralizazio politikaren eitea hartzen zaio. Departamenduak desagertuko eta erregioak indartuko direlakoan, alabaina, ez da inondik ere egitura politiko sendo eta zehatzik gauzatu orainokoan. Areago, politika hori bumeran bilakatzen da bozetan. Hots, departamendua desagertzera doala diote Parisen, hila dagoela, baina kanpainan berpizten da. Beraz, bozemaileak galduta daude kanpainan. Edo galduta izan gabe ere, bizkarra ematen diote kanpainari.

Hona hainbat datu esanguratsu:

– Erregio eta departamenduen dikotomia historikoan, azken lau presidenteak –Miterrand, Chirac, Sarkozy eta Hollande– Departamenduko presidenteak izan dira, baina bat bera ere da Erregio bateko Kontseilu buru izan. Hots, Parisko klase politiko nagusiarentzat departamenduaren politika Estatuaren politikan ardatzagoa da erregioetakoa baino. Egitura biak zentralizazio tinko baten politikaren zutabeak direla ahantzi gabe.    

– Inkestek bozemaileen %57 abstentzioa igarri dute Estatuan. Hona arrazoi nagusiak:

1. %38k boz hauek ez dutela deus aldatuko dio.

2. %32 alderdi politikoekin haserre daude.

3.  %31k ez ditu hautagaiak ezagutzen.

4. %25ak ez ditu ezagutzen Kontseilu Nagusietako eskuduntzak.

5.  %16 ez dago hautagaien ideia bakar baten alde.  

6. (…)

Ohar bat finitzeko: Estatuko politikaren nora ezak bozen kanpainako giroa nahasi du. Departamenduen, erregioen edota metropolien eskumenak eta euren arteko artikulazioa zehaztugabea da oso. Alderdi nagusiek, aldian-aldian, PSk eta UMPk, gobernuan edo oposizioan dauden garaiaren arabera, beren alderako politika egiten dute. Hots, alderdikeria nagusi da. Ezkerreko fronteek ez dute aski indar PS baldintzatzeko ezkerreko politiketan. UMP eta zentroko alderdiek –baita PSk ere prefosta–  FN datorreneko mamuaren mezuarekin egiten dute politika. Departamenduetako hauteskundeak ez dira –hautetsi kopuruari dagokionez–  FNren indarra agertzeko egokienak, hauteskunde sistema dela eta, baina Asanblea Nazionalerako eta Presidentziarako hauteskundeei begira bereziki, FN da alderdi guztiek elkarri erasotzeko eta politika baldintzatzeko aitzakia.