argia.eus
INPRIMATU
“Estatuko biktimen fiskaltza soziala” izan nahi du Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak bere bigarren fasean
  • 2016. urtean haren jarduera eten ondoren, “hutsune” bat atzeman duela adierazi du Behatokiak, eta horri konponbidea eman nahi dio. Aholku Batzordea aurkeztu dute Miramar jauregian, hamabost abokatu, aditu, ekintzaile, irakasle eta biktimek osatua.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko uztailaren 01
Giza Eskubideen Behatokiak bere bigarren fasea aurkeztu du. Argazkia: Ahotsa.info

2001. urtean sortu zen Giza Eskubideen Behatokia (GEB), giza eskubideen urraketak jaso dituzten biktima guztiek “egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko duten eskubidea bermatzea” eta “Euskal Herrian gertatu eta gertatzen diren urraketei aurre egitea” helburu, “nazioartean publikoki jakinaraziz eta juridikoki salatuz”. 2016. urtean etenaldia egin zuen GEBk, baina aurten bigarren faseari ekin dio, Foru Sozial Iraunkorra desagertu ondoren atzeman duten “hutsune” bati erantzuna emateko asmoz. Donostiako Miramar Jauregian egindako aurkezpenean, GEB “estatuko biktimen fiskaltza soziala” bilakatzeko borondatea agertu dute Behatokiko kideek.

ETAren eta Espainiako Estatuko biktimen kasuak aztertzerakoan dagoen “tratamendu asimetrikoa” eta “diskriminazioa” nabarmendu ditu Agus Hernanek, eta adierazi du “hutsune” hori konpontzea dela beren helburuetako bat: “ETAren biktimek Auzitegi Nazionalean fiskaltza espezializatu bat duten bitartean, ez dago estatuaren biktimei antzeko mekanismo bat emateko inolako borondaterik”.

Estatuaren biktimek justizia lortzeko egiten duten bidearen zailtasunak nabarmendu ditu GEBk. 2001. urtean bere estatutuetan jaso zuen bezala, elkarteak konpromisoa du giza eskubideen salaketak nazioarteko organo eta tresnen aurrean aurkezteko, kasuei buruzko txostenak egiteko, prozesu judizialetan esku hartzeko, eta topaketak, prestakuntzak, mintegiak eta kongresuak antolatzeko. Biktima horiek erakunde publikoetatik “zeharo abandonatuta” sentitu direla salatu du GEBk, eta bigarren mailako biktimak direla sentiarazten dietela, Berriak jaso duenez.

Giza eskubideen urraketak baloratzeko orduan zein eskubide izan behar duten oinarri aipatu du GEBk: osotasun fisikoa, errugabetasun presuntzioa, berme guztiekin egindako epaiketa justua eta, kartzela zigorra ezarriz gero, espetxe tratamendu egokia. Nazioartera begira, Iratxe Urizar Behatokiko kideak eta abokatuak bi eremuetan lan egingo dutela zehaztu du: Europako erakunde eta sareetan parte hartu, eta oinarrizko eskubideen eta askatasunen urraketak salatzen dituzten ekimenetan lagundu.

Lana dago egiteko

Azken urteetan estatuaren biktimen aitortzan aurrerapausoak egin direla azpimarratu du Hernanek; izan ere, EAEko 12/2016 Legearen eta Nafarroako 16/2019 Foru Legearen onarpenari esker, 346 biktima aitortu dituzte, horien artean azkenetarikoak Angel Berrueta eta bere familia. Hala ere, Espainiako Estatuaren indarkeriak utzitako biktima kopuruaren datuak guztiz zehatzak ez badira ere, Behatokiak datu nabarmen handiagoak mahaigaineratu ditu, Naizen irakur daitekeenez: 400 hildako baino gehiago, 1.000 zauritu baino gehiago eta 6.000 torturatu inguru.

GEBren Aholku Batzordea hamabost kidek osatzen dute: Juanje Soria, Laia Serra, Jone Goirizelaia, Urko Aiartza eta Santiago Bereciartua abokatuek; Nahia Aia, Javier Buces, Leire Imaz eta Laura Pego doktore eta irakasleek; Eneko Etxeberria, Martxelo Otamendi eta Axun Lasa biktimek; Verena Graf eta Jorge del Cura ekintzaileek; eta Olivier Peter espezialistak.