argia.eus
INPRIMATU
Estatuen udaberria Ekialde Ertainean?

Mikel Aramendi 2023ko apirilaren 11
Txina eta Irango ordezkariak, 2021eko martxoan / Argazkia: Tasnim News Agency

Argazki batekin hasi zela esan liteke, eta hilabete besterik ez da igaro. Behartu antzera hasi zen, gainera, argazkia bera interpretatu behar bagenu: bitartekoa bakarrik zegoela eroso eta pozik ematen zuen. Beraz, martxoaren 10ean ez zitzaion aparteko etorkizunik igartzen, Txina ezkontzagin zela, Iran eta Saudi Arabiak adostutako harreman diplomatikoen berrezarpenari.

Baina hilabete joan da eta mugimenduak biderkatu egin dira, alde askotatik, guztiak ildo bertsuan. Elkarri eskua ematen dioten edo aurrez aurre eserita dauden bi gizonen kartoizko gorputz-irudien gainetik aurpegi aldagarriak agertzen joango balira bezala. Erdian hirugarren bat agertu behar duenean, hori bai, txinatarra da.

Ekialde Ertaineko politikagintza eta diplomaziaren aditzera minimoa duenak badaki zein tarte laburra egon daitekeen ezpata eta olibondo-adaxkaren artean. Baina, hala ere, aitortu behar da Bashar al Assad Emirerrietan ikusteak, edo Yemengo gerrari amaiera-data, egun gutxi barrurako gainera, jartzen zaiola aditzeak neure buruari atximur eginarazten dit niri behintzat.

Horren gotortuta dauden eta hainbesteko odolustea erakarri duten gatazkak hain azkar eraman ote litezke politikagintzaren mahaira eta, hein batean bederen, konpon ote daitezke? Hala bazen, zergatik ez da hori lehenago gertatu? Edo zer dela eta orain?

Agerian edo isilka, ia kasu guztietan konpontzaile- edo ezkontzagin-lanetan azaltzen den Txinak bakegintza horretarako lukeen berehalako interesa (erregaiak eta, orokorragoan, lehengaiak bermatzea, lehenik; ondoren, yuanaren erabilgarritasuna biderkatzea operazio ekonomiko funtsezkoetan) ukatu gabe, komeniko da, haatik, sakonago hausnartzea bat-bateko loraldi horren zergatia. Eta jira-buelta handiena egiten arituko litzatekeen Saudi Arabiaren eta haren bidelagun izan ohi direnen arrazoiak ulertzen saiatzea.

Susma liteke AEBek aspalditxotik "estatu bilau" etiketapean bildu dituenei ezarritako gerra ekonomikoko neurriak, biderkatuta eta bloke-egitasmo bihurtuta, Errusiari ere aplikatzeko burutazio "distiratsua" ustekabeko albo-ondorioak ematen hasi dela Ekialde Ertainean. Errusiaren oraina Sauden (eta gainerakoen) etxearen etorkizuna izan daitekeela ez da burugabekeria, ez.

Non eta zer gerta daitekeen hemendik aurrera da galdera gihartsua, noski. Orain artekoak itxaropentsua badirudi ere, hemendik aurrerako guztia ez da baikorra izango, ziur. Israel ez dago joko horretan sartuta eta, ezkontzagina saiatu arren, zaila dirudi Palestinan bakeak aurrera egitea. Aitzitik, Netanyahuk pentsa dezake duela 50 urteko hartara itzularaziko duela testuinguru berriak.

Ez baita horren berria...