Inkesta baten arabera, %35k hautagai alternatiboen alde egin dezake. Azken galdeketek diote Clinton izango dela AEBtako hurrengo presidentea.
The Washington Post egunkariak eta ABC kateak elkarlanean egindako inkesta baten arabera, Amerikako Estatu Batuetako biztanleen %57k ez ditu begi onez ikusten Hillary Clinton demokrata eta Donald Trump errepublikanoa: datorren azaroaren 8ko hauteskundeetan bietako inor ez bozkatzeko asmoa adierazi dute.
Inkesta horretan parte hartu dutenen %35k beste hautagai bat bozkatzeko “aukera oso handia” dagoela adierazi du Telesurrek. Bi dira hautagai alternatiboak: alderdi libertarioko Gary Johnson, edo alderdi berdeko Jill Stein. Hala ere, bi alderdi hauek ez lukete herritarren babes nahikorik Etxe Zurira iristeko, inkestaren arabera.
Huffpost Pollster etxeak egindako ikerketa baten arabera Clinton da Etxe Zurira iristeko aukera gehien dituen hautagaia, %46ko babesarekin. Bere aldetik, hautesleen %39k bozkatuko luke Trump. The New York Times berripaperak duela egun gutxi argitaratu zuenez, AEBetako presidentetzarako hautagaiek ez zuten hain babes gutxi jaso 1984tik.
Ezinezko helburua alderdi txikientzat
Igandean hautatu zuten Alderdi Libertarioaren –AEBetako hirugarren alderdia– Etxe Zurirako hautagaia: Gary Johnson izango da, Mexiko Berriko gobernadore ohia. Etengabe goraka ari da alderdia –2012an bozken %1 jaso ostean, %10 ematen diote aurten inkestek–, baina ia ezinezkoa du presidententza eskuratzea.
Ipar Amerikako botere faktikoek, indar ekonomikoek eta hauteskunde sistemak bi alderdi nagusiak gailentzea bermatzen du. Alabaina, libertarioek eskura dute kongresuko eztabaidetan parte hartzeko aukera: bozken %15 behar da horretarako, eta inoizko gertuen dabiltza.