argia.eus
INPRIMATU
Estatuaren “zentsura politikoa” zapuztu du Gaindegiak epaitegietan
  • Euskal behatokiak jakinarazi duenez, Espainiako Estatuko Abokatutzak administrazioarekiko auzi errekurtsoak aurkeztu zituen 2013 eta 2014an Gipuzkoako Aldundiak erakundeari emandako diru-laguntzengatik.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2018ko otsailaren 22a
Donostiako epaitegiaren autoak kritika gogorra egiten die poliziari eta Estatuko ordezkariei, Gaindegiako kideak ikertzeagatik.

Ekimen juridiko horrek oinarri politikoa izan zuen Gaindegiaren aburuz, salaketak erakundearen “oinarri soziala osatzen zuten pertsonen kontrako zentsura politikoa” eskatzen baitzuen.

Defentsarako pertsonatzean Gaindegiako kideak ohartu ziren bi txosten aurkeztu zituela abokatutzak, Donostiako Komisariako Informazio Brigadak sinaturik. Poliziak Gaindegiari loturiko 25 lagunen inguruko datu pertsonalak bildu eta ikertu zituen: afiliazio sindikala, militantzia politikoa, alderdiekin harremana, manifestazioetan izatea edo unibertsitate hauteskundeetan parte hartzea, besteak beste.

Frogak ilizitotzat jotzeko eskatu eta Donostiako Administrazioarekiko Auziaren 3. Epaitegiak arrazoi eman zion behatokiari “pertsonen intimitaterako oinarrizko eskubidearen urraketa” izan zela argudiatuz eta salatzen zenak ez zuelako “inolako zerikusirik segurtasun publikoaren benetako arrisku” batekin.

Estatuko Abokatutzak helegitea jarri zuen EAEko Auzitegi Gorenean, baina honek Donostiako epaitegiaren erabakia berretsi zuen.

"Mehatxuz betetako bidea"

Gaindegiaren ustez, azken hamarkadetan izandako garapen administratiboen ondorioz “inoiz ezagutu ditugun mugarik handienak nozitzen” ari da Euskal Herria eta auzi honek agerian jarri du “mehatxuz betetako bidea dela aurrean jartzen zaiguna”.

Behatokiak “Euskal Herriaren nazio garapena” laguntzeko ezagumenduak lantzen jarraituko duela hitz eman du, baina tokian tokiko erakunde eta eragile sozialen “aitortza eta babes esplizitua” eskatu du horretarako.