argia.eus
INPRIMATU
Estatuaren eta ETAren biktimak batuko ditu Antxeta irratiak bizikidetza sustatzeko
  • Antxeta irratiak bizikidetza sustatzeko jardunaldiak antolatu ditu Bidasoa bailaran otsailaren 5ean, 12an eta 19an. Lehenengo egunean Guardia Zibilaren, talde paramilitarren eta ETAren biktimak eta haien senideak elkartuko ditu.

Malen Aldalur Azpillaga @malenaldalur 2015eko urtarrilaren 28a
Antxeta irratiko kideak jardunaldiak aurzkezteko egindako agerraldia. (Argazkia: www.antxetamedia.info)

“Euskal Herrian pairatu diren bortizkeria asko bizi izan du gure eskualdeak eta Antxeta irratiak ekarpen bat egin nahi dio bizikidetzari”, esan dute Antxeta irratiko ordezkariek.

Belen Zabalak eta Fermin Urtizberak Espainiako Estatuaren indarkeria jasan dute. Belen Zabala, Guardia Zibilak 1976an hildako Josu Zabalaren iloba da; Fermin Urtizbera GANEk (Grupo Antiterrorista Nacional Español) bahitu zuen 1988.urtean, hiru egunez eduki zuten bahitu eta tortura gogorrak jasan zituela salatu zuen.

Cristina Sagarzazu eta Jose Miguel Gomez Elosegi berriz, ETAren biktimak dira. Sagarzazu, Montxo Doral ertzainaren alarguna da, ETAk erail zuen 1996an; Jose Miguel Gomez Elosegui, Martutene espetxeko psikologo zenaren anaia da, 1997an hil zuen ETAk.

Otsailaren 12an eta 19an, hitza hartuko dute besteak beste, preso eta iheslari politikoek, abokatuek, eta Bidasoa bailarako zenbait herritako alkateek.

Informazio gehiago

Antxeta irratiak Lokarriren laguntzaz antolatu ditu jardunaldiak. Egitarauari buruzko xehetasunak Antxeta irratiaren webgunean ikusgai.