Eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen lehen hamabi aitorpenak egin ditu Nafarroako Gobernuak. Beste hirurogei espediente aztertzen ari da.
Ana Ollo kontseilariak gidatzen duen Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak eman du erabakiaren berri, eta oraindik izenik jakinarazi ez bada ere, Mikel Zabalza eta Mikel Arregi horien artean daudela azaleratu da.
Mikel Zabalza orbaizetarra 1985ean atxilotu zuen Guardia Zibilak Donostian eta handik 20 egunera Bidasoan agertu zen hilik. Egindako ikerketa ez-ofizial guztien arabera, Zabalza Guardia Zibilak hil zuen Intxaurrondoko kuartelean torturatzen zuen bitartean, eta gero bere gorpua Bidasoa ibaira jaurti zuen.
Egoera bitxia da orain, bertsio ofizialak oraindik esaten baitu ETAren zulo baten bila zihoazela ihes egin zuela Zabalzak eta egunetara Bidasoan aurkitu zutela hilda. Foru gobernuaren aitortza bideratu duen Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak, aldiz, atzera bota du bertsio hori eta ontzat ematen du Zabalza Polizia egoitzetan hil zutela. Aurrerantzean, beraz, bi bertsio ofizial daude, Espainiako Gobernua eta Guardia Zibilarena, eta Nafarroako Gobernuarena.
Ezagutu den beste aitortza Mikel Arregirena da, 1979an Lakuntzan hil zuen Guardia Zibilak kontrol batean tirokatuta. HBko zinegotzia zen Lakuntzako Udalean. ARGIAko elkarrizketa honetan bere arreba Txarok 40 urte ondoren egun haiek nola bizi zituzten gogoratu zuen duela hiru urte.
1969tik 1994ra arteko biktimak
Aitortza jasotako beste biktimen artean daude 1978ko istiluetan hildako beste lau herritar, hiru Espainiako Poliziak su-armaz hildakoak, eta laugarrena “polizia-karga batean istiluen aurkako material gehiegi edo gaizki erabiltzeagatik kalte larriak” izan ondoren. Gobernuaren prentsa oharrean esaten denez, “horiei gehitu behar zaizkie atxiloaldian indarkeria fisikoa eta psikologikoa jasan zuten beste lau pertsona eta eskuin muturreko taldeek aldarrikatutako atentatuetan zauritu ziren beste bi pertsona”.
Genero-ikuspegitik, hamabi biktimetatik bi emakumeak dira. Kronologikoki, hamabi kasu horiek 1969tik 1994ra bitartekoak dira eta, horietako bat izan ezik, Nafarroan gertatu ziren. Lehen fase honetan lau kasu baztertu egin ditu Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak.
Horrela dago osatuta azterketa bideratu duen batzorde hori: Memoriaren eta Bizikidetzaren zuzendariak, Memoriaren Nafarroako Institutuko zuzendariak, bi auzitegi-peritu eta biktimen arloan esperientzia duen psikologo bat, Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutuak izendatutakoak; eta esparru akademiko eta sozialeko lau aditu, Nafarroako Parlamentuak proposatuta.
Aitortzara iristeko zailtasunak
Oraingo aitortza hau motibazio politikoko biktimen auzia bideratzen duen 16/2019ko Foru Legean oinarrituta dago, baina horren bidea ez da erraza izan. Lege horren aitzindaria 2015eko foru legea izan zen, baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalak konstituzioaren aurkakotzat jo zuen; auzitegiaren ustez, ikerketa bideratu behar zuen batzordeari justiziaren ikertzeko eta ebazteko ahalmena ematen zion legeak, hori bakarrik justizia erakundeek egin dezaketenean.
Nafarroak Gobernuak dagoeneko milioi bat euro esleituta ditu aitortutako biktimei erreparazio gisa emateko. Horrez gain, ikusi beharko aitortza horiek mugimendurik ekartzen duten Espainiako Gobernuaren aldetik, biktima horietako batzuk bere funtzionarioek eragindakoak izan baitziren, eta eskuin-muturreko taldeak ere izaera parapoliziala zutelako.