argia.eus
INPRIMATU
Estatuaren biolentziaren 41 biktima onartze bidean da Nafarroako Gobernua
  • Asteazken honetan prozesu horren berri eman du Martin Zabalza motibazio politikoko Biktimen Aitortzarako eta Erreparaziorako Batzordeko lehendakariak. Ostegunean, Egiari Zor Fundazioak eta Nafarroako Torturatuen elkarteak pauso garrantzitsua dela adierazi dute Iruñean egindako agerraldian.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko otsailaren 01
Argazkia: Euskalerria Irratia

Martin Zabalza Nafarroako Gobernuko Bake eta Elkarbizitza zuzendaria da eta kargu horretatik zuzentzen du aipatutako biktimen batzordea. Madrilgo traba ugari gainditu ondoren, 2019an onartu zen motibazio politikoko biolentziaren biktima izandakoen ezagutza eta erreparazioa arautzen duen legea, eta haren estalpean abiatu zen lanean aipatu batzordea, orain arte biktima gisa ezagutzeko 41 eskari jaso duena.

Zabalzak azaldu duenez, biktima gisa aitortzeko eskari bat jasotzen denean elkarrizketa bat egiten da eskatzailearekin eta txosten bat irekitzen da kasuaz. Ondoren, Nafarroako Gobernuko hainbat agintari eta adituz osatutako batzordera bidaltzen da ikusteko oniritzia emango zaion ala ez. Prozesu konplexu eta luzea da eta orain arte ez da espediente bakarra ere bukatu.

Edozein kasutan, Zabalzak aitortu du luzaroan giza eskubideen urraketa zabala izan dela Nafarroan, eta garai luzean motibazio politikoko biktimen errealitate hori ukatua izan dela, eta badela ordua ukatze horrekin amaitzeko. Batzordea aztertzen ari den kasuetatik hamar pertsona hil egin zituzten, beste hamar torturatuak dira, eta beste 18 hainbat bortxa motaren biktima.

Asko falta da, baina “urrats garrantzitsua da”

Egiari Zor Fundazioak eta Nafarroako Torturatuen Sareak jakinarazi dutenez, asteazkenekoa urrats garrantzitsua izan da “gure herrialdean izandako biolentzia guztiak aitortzeko eta erreparatzeko bidean”.

Errealitatea ukatzeko saio bat egon dela berretsi dute eta Nafarroako Torturatuei buruz egindako txostenak oso argi uzten duela hori. Nafarroako Gobernuko Bake eta Elkarbizitza zuzendaritzak enkargatu eta Kriminologiako Euskal Institutuak egindako ikerketatik ondoriozta daiteke 1.083 bat tortura kasu izan direla Nafarroan 1960ko urteetatik eta 2014ra arte.

Bi elkarteetatik dei egiten diete estatuaren edo haren inguruko taldeen biolentzia jasandako pertsonei beren testigantzaren berri eman dezaten, eta horretarako haien laguntza izango dutela jakinarazi diete.

Egiten ari den bidea aitortu dute, baina era berean, “oraindik asko falta dela” berretsi. Mendeku gosea atzean utzita eta justiziaren baloreetan oinarritutako bizikidetzaren eraikuntzan egin behar da aurrera elkarte horien esanetan, non “biktima guztiak aitortuak sentituko garen”. Une horretara iritsi arte “osatu gabeko oroimen kolektiboaz” arituko gara.