argia.eus
INPRIMATU
Estatuaren biktimek Chivite lehendakariari eskatu diote egon dadila euren aitortza ekitaldian otsailaren 13an
  • Estatuaren biolentziaren biktima gisa onartzeko 125 eskaera egin zaizkio Nafarroako Gobernuari 2023an eta 2024an. Horietatik 41 onartu dira. Egiari Zor eta Torturatuen Elkarteak ongi baloratu dute egiten ari den bidea.

Xabier Letona Biteri @xletona 2025eko urtarrilaren 31
Ekin Klik

Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako zuzendari nagusi Martin Zabalzak Nafarroako Legebiltzarrean izen bereko batzordean jakinarazitako datuak dira horiek, 2023an 50 aitortza eskaera egin ziren eta 2024an 75. Azterketa batzordeak 47 aztertu ditu 11 bileretan eta horietatik 41 onartu dira, bat ez, eta bost ez dira azterketarako hartu. Beste 78 txosten aztertzen ari dira.

Onartutako biktima horietatik sei segurtasun indarrek hildakoak dira, bata torturaz, Guardia Zibilaren zaintzapean zegoenean. Beste hamasei biktima torturatuak izan ziren eta 11 manifestazioetan edota horien ondorengo istiluen testuinguruetan zaurituak. 34 biktima gizonezkoak dira eta beste zazpi emakumezkoak. Azken horien kasuan, aitortzen da torturatuak izan zirenean sexu erasoak jasan zituztela. 1,24 milioi euroko kalte-ordainak ordaindu zaizkie orain arte.

Biktimen balorazio ona

Ostegun honetan Nafarroako Torturatuen Sareko Mikel Sotok eta Egiari Zor Fundazioko Ainara Gorostiagak agerraldia egin dute Iruñean, eta bertan balorazio oso ona egin dute azken bi urteetan Biktimen Onarpena eta Erreparaziorako Batzordea egiten ari den lanaz.

Gorostiagak zehaztu du 142 aitortza eskaeretatik 107 Egiari Zorrek bideratu dituela eta horietatik 96 torturarekin lotuta daudela. Gaur egun arte 375 tortura kasu jaso dituzte egiten ari diren bilketa lanean, baina beren datuetan 1960 eta 2011 artean Nafarroan 1.104 tortura kasu izan ziren eta 896 pertsona torturatu. Horrek esan nahi du pertsona horietako batzuk hainbatetan izan zirela torturatuak.

Testuinguru honetan giza eskubideen urraketak jasan dituen edozein herritarrek elkarte horretatik bidera dezake eskaera edo baita Nafarroaren Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako gune honetatik ere.

Aitortzak eskatzeko aukera zabaldu zenetik ari dira giza eskubideen urraketari buruzko kasuak agertzen, eta bi elkarteetako ordezkariek jakinarazi dutenez, aurtengo urtarrilean dagoeneko hamabi pertsonak eskatu dute jasandako giza eskubideen urraketaren aitortza. Mikel Soto berak aitortu du ez dela urrats erraza, berak iaz jaso zuela bere txostena [torturatua izan zen] eta hiru hilabete kosta zitzaiola sinatzea.

Otsailaren 13an aitortza ekitaldia Baluarten

Mikel Sotok esker oneko hitzak izan ditu aitortzen azterketa egiten ari den batzordearentzat eta, halaber, balorazio ona egin du Martin Zabalzak legebiltzarrean aurkeztutako txostenaz alderdiek egindako balorazioaz: “Voxek izan ezik, guztiek aitortu dute estatuaren biolentzia hori egon dela”.

Lan hau guztia “egia, justizia, erreparazioa eta ez-errepikapenaren” printzipioen arabera bideratzen ari da eta Sotok gogorazi du egia jakitea onuragarria litzatekeela bizikidetzan urrats gehiago emateko: “Zergatik egin zuten eta nork agindu zuen esateak lagunduko luke etorkizunean halakoak errepika ez daitezen”. Azpimarratu du barkamenaren garrantzia eta adierazi du Guardia Zibilak eskatu beharko lukeela barkamena, biktimentzat “oso garrantzitsua” litzatekeela.

Hau guztia 2019an Nafarroako Legebiltzarrak motibazio politikoz eskuin muturreko taldeen edo funtzionario publikoen biktimen aitortza eta erreparazioaren legearen babesean egiten ari da, eta horren arabera, urtero aitortza ekitaldi bat egin behar zaie biktima horiei. Aurtengoa otsailaren 13an egingo da Iruñeko Baluarten eta biktima horien ordezkariek eskaera berezia egin diote María Chivite lehendakariari aurten ekitaldian egon dadin.