argia.eus
INPRIMATU
Estatuaren biktimen aitortzarako pauso gehiago emateko eskatu dio Egiari Zorrek Jaurlaritzari
  • Xabier Kalparsoro eta Gurutze Iantzi Espainiako polizien eta guardia zibilen eskuetan hil zituztela 31 urte igaro direnean, Egiari Zor fundazioak ekitaldia egin du Urnietan. Eusko Jaurlaritzari eskatu dio berriz ere ireki dezala epe bat estatuaren biktimak aitortzeko eskaerak egin ahal izateko.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko irailaren 25

Pilar Garaialde Egiari Zor fundazioko kideak iragarri du beste "dinamika" bat abiaraziko dutela, estatuaren eskutik giza eskubideen urraketak jasan dituztenek biktima gisa aitortuak izateko aukera izan dezaten.

Eusko Jaurlaritzari eskatu diote 12/2016 Legean –estatuaren biktimen aitortza legea– aurreikusten den epea zabaldu dezala, oraindik eskaera egin ez dutenek hori tramitatu ahal izateko.

Xabier Kalparsoro eta Gurutze Iantziren heriotzaren 31. urteurren ekitaldian interpelatu du fundazioak Jaurlaritza, Urnietan. Garaialdek azaldu duenez, legea aspaldi onartu bazen ere, denbora gehiago egon da "itxita irekita baino".

Egiari Zorrek, eskabideak egiteko epea zabaltzeaz gain, beste hainbat pauso emateko eskatu dio Imanol Pradalesen gobernuari. Besteak beste, legea bera garatzea –erreparaziorako neurriak beste biktimekin parekatu daitezen–, eta egutegian urtero egun bat markatzea estatuen biolentziaren biktimak gogoratzeko.

"Guardia Zibilak Urnietatik bizirik eraman eta 24 ordutara hil itzuli ziguten. 31 urte betetzen dira gaurkoan, Gurutzek zituen berberak. 31 urte bertsio ofizial iraingarri bat eraiki zutenetik", Pilar Garaialde (Egiari Zor)

"Milaka giza eskubide urraketa daude aitortza ofizialik gabe –ohartarazi du Egiari Zorreko kideak– eta hori berehala zuzendu beharreko anomalia demokratikoa da".

Gurutze Iantziren kasu zehatzari erreferentzia ere egin dio Garaialdek. Gogoratu du Iantzi hil zuten operazio berean atxiloturiko hemeretzi lagunetatik, denek salatu zituztela torturak, eta argi dute berak ere "besteen kalbario bera" jasan zuela.

"Guardia Zibilak Urnietatik bizirik eraman eta 24 ordutara hilik itzuli ziguten. 31 urte betetzen dira gaurkoan, Gurutzek zituen berberak. 31 urte bertsio ofizial iraingarri bat eraiki zutenetik", esan du.