“Euskal Estatua irudikatzen. Euskal Estatuaren aurreko iritziak eta jarrera Euskal Herrian. Azterketa kuantitatiboa eta kualitatiboa” ikerlana aurkeztu dute joan den martxoaren 16an Ipar Hegoa fundazioak eta EHUko Parte Hartuz ikerketa-taldeak.
Ikerlanaren egileek euskal estatua hartu dute aztergai: Euskal Herria zer den, erabakitzeko eskubidea, jarrerak eta jarrera-aldaketak, enpresariek eta kultur eragileek diotena… Julen Zabalo Parte Hartuz taldeko kidea izan da Hala Bedi irratiko Hizpidea saioan ikerketaren emaitzen berri ematen.
Zabaloren hitzetan, gehiengoa erabakitze eskubidearen aldekoa da, estatua osatzearen aldeko izan ala ez izan, eta arreta ipini nahi izan du jarrera aldatzeko joera dutenengan: "Masa kritiko hori osatzen dutenek ematen dute aukera gehien". Ikerlana eskuragarri dago nahi duenarentzat Ipar Hegoa Fundazioaren webgunean.
Elkarrizketa hau Hala Bedi irratiak egina da eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.