Nagia ematen du, bai. Duela lau urte hauteskundeak errepikatu ziren tronurako bidea nola egin adosteko gai izan ez zirelako politikari profesionalak, eta medioen zein jendearen titular nagusia horixe izan zen orduan: nagia. Oraingoan ere beste hauteskunde batzuetatik zetozen herritarrak eta, aizu, abuztuaren atarian halako kanpaina desatsegina irentsaraztea eta botoa ematera deitzea ez da sarri egiteko eskatu beharreko esfortzua. Hori da bando batekoek pentsatuko dutena, izango dira gehiago ala gutxiago, eta Borgen moduko serie politikeroak gustuko dituenak, beste bandoak, oso modu frikian jarraituko ditu datozen asteko negoziaketa eta iritzi-trukaketak.
Kontuak eta zikinak. Mahaiaren gainean ere bi bando egongo dira datozen egun eta asteetan: PP-k eta Vox-ek osatzen dutena bata, Nafarroako eta Kanarietako alderdi erregionalisten eserleku banarekin lagunduta; eta bestea, Franskestein gisa bautizatu zuten gobernua, PSOEren gidaritzapean eta haren ezkerreko alderdiek tarteka-tarteka babestu dutena. Espero daiteke Sumar-ek gobernu koalizioa eskainiko diola PSOEri, baina horrekin ez da aski izango, ezta gutxiago ere. Kontuak atera behar dira: EAJren babesa lortu beharko du lehenik, hain zaila izan behar ez lukeena, eta BNG-rena ere bai. Baina horrez gain, EH Bildu eta ERC-rekin ere hitz egin beharko du Pedro Sánchezek haien botoak bere zerbitzura jartzeko, aurreko inbestidura saioan abstentziora jo bazuten ere. Gertutik jarraitu beharko dira negoziazio horiek, alderdi independentisten eskakizunak indartu daitezkeelako eta negoziazioa oztopatu, edo eskakizun arinekin Sánchez babestu, alternatiba egokirik aurkitu ezean.
Behin bi alderdi independentisten tramu hori pasatuta, txupina jaurtitzen hasi aurretik, nahitaez eman beharreko abisu bat: gobernu “aurrerakoi” berriaren zenbakiek ez lukete emango, ez behintzat gobernua gehiengoan osatzeko. Lau eserlekutara leudeke. Ezinbestean beraz, Sánchezek, balizko inbestidura saioan, aipaturiko akordio eta babesez gain, Junts-ek abstentziora jotzea beharrezkoa izango du. Ezezkoa bozkatuko balu, joan den legegintzaldi osoan egin bezala, blokeo egoeran geratuko litzateke Espainiako parlamentarismoa.
Alderdien erreakzio berantiarren artean, lehenbizikoetakoa hitz egiten Junts izan da. Hitz gakoak hauexek, aurre-negoziaketa fase bete-betekoak: “Ez diogu gobernuari egonkortasunik emango hutsaren truk”.
Zer egingo du erregeak? Hedabide espainiarrak kontsultatuta, horixe da kezka handienetako bat. Garai batean bezala, erregeak presidentegai bat gonbidatzen du etxera, kafea hartzen dute eta hari proposatzen dio gobernua osatzeko aukera aztertu eta alderdiekin negoziatzen jartzeko mandatua obeditzea. Ez du lan erraza Wimbledom-eko finalean agertu eta hedabide britaniarrek jator eta erakargarritzat definitu zuten Espainiako Erresumako erregeak. Nori deituko dio? Dei bakarra egingo du? Lehen indarra izan den alderdiari ez dio eskainiko?
Europara begiratua. Wimbledom aipatu dugu, baina justu Erresuma Batua ez, Europako Batasunetik irten zelako, baina komenigarria litzateke Europa mailako ikusmoldea ere kontutan hartzea Espainiako hauteskundeen emaitzak aztertzeko. Urtebete pasatxoan, Europan, oro har, alderdi tradizionalistek indarra berreskuratu eta gobernuak osatu dituzte are eskuinagokoak diren alderdiekin, izan parlamentuan akordio puntualak eginda (Suedia kasu), izan gobernu koalizioen formula baliatuta (Italian, Finlandian) edota izan eskuin tradizionalak garaipen erraza lortuta (Grezia), besteak beste. Azken urte eta erdiko joera dela nabarmendu izan dute analista politikoek, zerbait orokortua, eta baliteke Bruselako agintariak Madrilera begira egon izana igande gauean, gerta zitekeenez kezkaturik, besteren artean, sinbolikoki bada ere, aurtengo urtearen bigarren sei hilekoan Espainiak baitu Europako Kontseiluaren lehendakaritza jasotzeko ardura.
Zerbaiten adierazle izan daitekeen ala ez, horra galdera: tregoa apur bat ematen diete emaitzek Europari? Urtebete barru izango dira Europako hauteskundeak.
Inkestak. Berrikusi beharko liratekeen kontuak. Mendebaldeko herrietan ez da Espainiako Estatuan bezalako inkesta jario amaiezinik egiten. Aste bakarrean bi, hiru eta lau publikatzera ere iristen dira galdeketa-enpresak, eta astakeriaren bat edo beste ikusi da han hemenka. Hauteskundeak egin baino astebete lehenago PPren gehiengo absolutua “gertu” egon zitekeela esatera ausartu ziren batzuk, eta hori gertatzen ez bazen, Vox-i eskua emanda 176ra helduko zirela ziur. Eta halakorik ezean, beno, distantzia oso gutxira geratu. Ahoa ongi berotzea deitzen zaio horri.
Azkenean, jomugan egon ohi den etxea gerturatu da gehien. Mundutik aparte bizi den batek soilik egin ditzakeen inkestak argitaratu ohi ditu CIS etxeak sarri, izugarria da, nahiz esandakoa, hauteskundetako azken emaitzak nahiko aldeko izan dituen. Diru publikotik hamalau milioi euro kobratu dituen Tejanos jaunaren fidagarritasuna hauxe da: udal eta foru hauteskundeetan ez zuen inola ere igarri PPren igoera, areago, PSOEren garaipen zabala espero zuen; eta Gorteetarako hauteskundeetan ere ikusi da: PSOEri garaipena eman dion inkesta etxe bakarra izan da CIS. Eta ez, ez du irabazi. Boto portzentajean gertuago geratu arren, oro har, beste norabide batean doala dirudi, korrontearen aurka-edo, baina beste bat da jarraitu beharreko korrontea.
Otsoaren beldurra. Boto emaileak "otsoa datorrenaren beldurra" zabalduta mobilizatu ditu PSOEk urgentziaz eginiko maniobran. Balantza PPren aldera zegoela zirudien, baina bi hilabetetan ez dira sanchismoa menderatzeko adina hondar ale beste aldera igaro.
Otsoa, baina, ez da leku guztietan bera. ERC-ren otsoa, esaterako, PSC da, eta kuriosoa da. Espainiako Gobernuari eta PSOEri hainbat lege aurrera eramaten lagundu dio, nahiz kritikoak ere izan diren, lan erreformaren legean adibidez. Madrilen hori, baina Bartzelonan mokokadaka aritzen dira ERCk gobernatzen duen Generalitatean. Eta orain, hara non, kataluniarrek ERC zigortu dute besteren artean PSOEri babesa eman eta presio apala egiteagatik, eta trukean, sozialista kataluniarrak saritu.
Otsoak baditu beste hamaika izen. EAJren kasuan, akaso, EH Bildu izango da. Mugitzen jakin behar da.