argia.eus
INPRIMATU
“Estatu polizial militarizatu autokratikorantz doa Frantzia”
  • "Frantzia larrialdi egoera amaigabean sartu da, Poliziaren botere maila altua, gizartearen militarizazioa, eta eskubide eta askatasun demokratikoen etetea oinarri dituena. Herritarrak beldur etengabean bizitzera eta eskubide demokratikoak ordezkatzen dituen larrialdi-botereen menpe egotera baldintzatu ditu Gobernuak".

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2016ko uztailaren 26a

"Estatu polizial militarizatu autokratikorantz doa Frantzia, diktaduratik ez oso urruti". Finian Cunningham kazetari eta nazioarteko analistaren hitzak dira. François Hollande eta Manuel Vallsek behin baino gehiagotan esan dute herrialdea “gerra egoera iraunkorrean” dagoela. Egun, 120.000 bat polizia eta militar daude mobilizatuta Frantzian eta Salbuespen Egoeraren barruan, Lan Erreformaren aurkako manifestazio publikoak debekatu dituzte. “Segurtasunaren izenean, aurrekaririk ez duen herritarren askatasunen aurkako arau-urratzea da”.

Frantziaren nazioarteko politika, “sugeen habia” elikatzen

Frantziak eta NATOko gainerako herrialdeak nazioartean daramaten politika ere kritikatu du Cunninghamek: “Siria eta Libian ezkutuan eragin duten ezegonkortzea, herrialdeotako erregimena aldatzeko, amaierarik ez duen kontraerasorako errezeta da. Eta horren ostean herrialde arabiarrak ‘helburu antiterroristekin’ bonbardatzea sugeen habia elikatzeko urrats bat gehiago da”.

Arazoa konpontzeko, benetako kausak jorratu behar direla uste du analistak: “Erregimen aldaketek eta terrorismoak Frantziarengandik izan duten babesa eta konplizitatea”. Herrialde burujabeen aurkako gerrak abiatzeari utzi ezean ez dela gurpil-zoroa amaituko ohartarazi du kazetariak.