Pater: aita: Familia nuklearrean aitaren papera babestea da. Babesa umeei, umeek ezin baitute haien burua beren kabuz babestu. Umeek mugak behar dituzte, eta muga horiek ez dira berdinen arteko akordioak. Autoritatea ustekabean sartzen zaigu. Aitak amarengan ere du autoritatea, babesa emateko, omen. Emakume izatearen, ahultasunaren eta heldutasun ezaren arteko identifikazio bortitzak ezartzen du hierarkia familian eta gizartean.
Koronabirusak gizartea zaurgarri egiten du. Ahula ez da heldu; hor iruzurra. Heldua, esan nahi dut, bere zaurgarritasuna eta interdependentzia kudeatzeko agentzia duen pertsona autonomoa. Bakoitzaren eta besteen behar espezifikoak ezaguturik, haietaz, bai banaka bai kolektiboki, elkartasunez arduratzen dena. Estatuak ez dio gizartearen heldutasunari garatzeko tokirik uzten. Boterea da jokoan. Zuzenean autoritatea eta errepresioa erabiltzen ditu –gaixo baino isundu gehiago dago–, gizartea umetuz. Eta jendea, pozik.
Estatu patriarkalak inposaturiko neurriek ez gaituzte guztiak berdin jotzen: antsietatea, depresioa, eskizofrenia, erasotzaile bat etxean, klaustrofobia, zortzi urteko ume hiperaktiboa, kalera irteteko beldur den agurea, puta, paperik gabekoa, beltzean lan egiten duena, neskamea, argirik gabeko etxezuloan bizi dena. Baina pater kapitalista autoritarioak nekez ikusten du aniztasuna: eredu hegemonikoarekin bat ez datozen margen inproduktiboak edo ustiatu daitezken baliabideak besterik ez baitira bere begietan. Areago, indarkeriaren muga pasatzen du, Bilbon ikusi den bezala.
Jendarte heldu ez patriarkalak soilik kudea lezake krisi hau elkartasunetik. Baina oraingoz, jende gehiegik nahiago du ume izan. Eta estatua, pozik.