Estatu Kontseiluak hezkuntza ministro Jose Ignacio Wertek aurkeztutako erreforma zuzentzeko eskatu du. Hizkuntza arloan egingo dituen aldaketak ez ditu ontzat eman, autonomien eskumenak urratzen dituelakoan. Kontsultarako organoa denez, esandakoa ez da loteslea, baina Gobernuaren planteamenduaren babes falta erakutsi du.
Ikasleek hizkuntza ofizialak menperatzea da helburua Estatu Kontseiluaren ustez eta beraz, autonomien betebeharra da hizkuntzen arteko oreka ezartzea. Horregatik arbuiatu dute 'Wert erreformak' planteatutakoa, alegia, gobernu autonomikoak gaztelaniazko hezkuntza nahi duten haurrei eskola pribatua ordaindu behar izatea. Izan ere, hezkuntza ministroaren proposamena “teknikoki eta juridikoki” aplikatzen zaila da eta autonomia erkidegoen eskumenak urratzen ditu Estatu Kontseiluaren arabera.
Beste zuzenketa batzuk ere egin dizkio erreformari. LOMCEk sexuaren arabera ikasleak banatzen dituzten eskolak ituntzea ahalbidetzen du, ez baitu bertan diskriminaziorik ikusten. Kontseiluaren arabera, bereizten duen zentro bati dirua eman behar bazaio, “objektiboki arrazoitu” beharko du zergatik egiten duen salbuespena, eta berdintasuna bermatu beharko dute.
Halaber, herritartasunerako hezkuntza ikasgaia kentzearen kontra agertu dira.
Dena den, Wert erreformak planteatu dituen beste aldaketekin ados dago Kontseilua.