Hondurasko estatu kolpea eman zenetik 10 urte igaro dira eta laugarren aldiz, Pentagonoak garaipena aldarrikatu dezake pozez beterik. Zelaya (2009), Lugo (2012) eta Rousseffen (2016) ondotik Moralesen uzkailtzea lortu dute eta Amerika Latinan bukatu berria den Urri Gorria-ren oihartzunak eta norabidea mugatzea erdietsi dute –Ekuador eta Txileko herri matxinadak, baita Macriren porrota ere–.
Aurreko hiru kolpeak bezala, Boliviak XXI. mendeko kolpea pairatu du. Lehenik, prozedura ez da klasikoa izan, hau da, Armada ez da zuzenean eraso militarra gauzatu duena, ezta botere exekutiboaren kontrola hartu duena ere. Bigarrenik, gizarte matxinada gisa antzeztu da balizko mugimendu zibil batek kalean gidatu dituelako mobilizazioak. Hirugarrenik, botere hutsunea botere legegilearen bitartez bete da, parlamentari baten kargu hartzea bultzatuz eta hauteskunde deialdia aginduz epe laburrean.
Horrek ez du esan nahi ez denik bortizkeriarik egon, ezta gutxiagorik ere. Batetik, MASeko buruzagi eta militanteen aurkako erasoak basatiak izaten ari dira (bahiketak, jipoiak, umiliazio publikoak, haien etxeak erretzea). Esan gabe doa, aipatu mugimendu zibila talde paramilitarrak erabiltzen ari dela hau aurrera eramateko. Bestetik, kolpeak, bere azkenengo fasean, izaera zibiko-poliziala hartu zuen izan ere polizia indarrak altxatu ziren gobernuaren aurka eta bat egin zuten mugimendu ‘zibileko’ zuzendaritzarekin. Fernando Camacho, mugimendu honetako lider ezaguna, La Pazen polizia kotxe batean desfilatzen ikustea oso esanguratsua izan zen. Azkenik, kupula militarraren presioa eta mehatxua Evo Moralesen aurka erabakigarria suertatu zen.
Kolpeak helburu
zehatzak ditu, nagusiki
eredu oligarkiko tradizionala berrezartzea eta ondorioz egungo proiektu post-neoliberala,
anti-inperialista eta burujabea suntsitzea
Nola izan da arrakastatsua kolpea? Galdera nagusietakoa bihurtu da hori egun hauetan. Boliviako aldaketa prozesuak bloke aurrerakoiaren gobernu sendoenetakoa zirudien eta ulergaitza omen da gertatutakoa. Dena den, irakurketa idealizatuetatik harago joanez gero, analista zorrotzenek gobernuaren erorketa ulertzeko hainbat ahulezi mahai gainean jarri dute. Hasteko, 2016an berrautatua izateko erreferenduma galtzeak oso mezu adierazgarria bidali zion Moralesi. Hala ere, gobernu alderdiak Evo berriro aurkeztea erabaki zuen eta Auzitegi Gorenak ontzat eman zuen. Aldi berean, gobernuaren alde zegoen hainbat gizarte mugimendu eta eskualde (langile sindikatu ugari, Potosi, eta abar) urruntzen joan ziren oinarri politikoa kaltetuz. Horrekin batera, Santa Cruzeko oposizio eskuindarrak berrindartzea lortu zuen azkenengo urteotan. Halaber, Exekutiboaren aurkako borrokan aritu dira, aliantza bitxia eratuz, aipatu oposizio ultra eta MASeko antzinako zenbait aliatu. Azkenik, Estatua haien esku izan arren, bortizkeriaren monopolioa ez dute kontrolpean izan: poliziaren matxinada eta Armadaren buruzagitzaren autonomia dira adibide lazgarrienak.
Kolpeak helburu zehatzak ditu, nagusiki eredu oligarkiko tradizionala berrezartzea eta ondorioz egungo proiektu post-neoliberala, anti-inperialista eta burujabea suntsitzea. Betiko elite arrazista eta txuria itzuli da gobernu jauregira, Biblia besapean eta gorrotoz beterik, baina aurrean topatuko duen gizartea ez da berdina. Aldaketa prozesuari esker herri indigena eta xumeak, historikoki inbisibilizatua izan denak, duintasuna berreskuratu zuen materialki, kulturalki eta sinbolikoki, eta erresistentzia tinko eta luzea datorrelakoan nago. Zer gertatuko den jakitea zaila da baina argi omen dago, bertako analista batek zioen bezala, Bolivia itzuliko dela bere "egoera historiko arruntera", hau da, ezegonkorra eta gatazkatsua izatera.