argia.eus
INPRIMATU
Estatu kolpeak antolatzen lagundu dutela onartu du AEBetako gobernuko goi agintari ohi batek
  • Donald Trumpen gobernuko Segurtasun Nazionaleko aholkulari ohi John Boltonek onartu du munduko beste herrialde batzuetan estatu kolpeak antolatzen lagundu dutela. Hala, AEBek beste nazio batzuetako herritarren bizitzetan etengabe egindako esku-sartzea salatzen dutenei arrazoia eman die Boltonek.

Axier Lopez @axierL 2022ko uztailaren 14a
John Bolton Donald Trumpekin batera agerraldi batean. Argazkia: Getty Images

“Estatu kolpeak planifikatzen lagundu duen norbait izanik, ez hemen, baizik eta beste leku batzuetan, badakit lan asko egin behar dela”, adierazi du Donald Trumpen gobernuko aholkulari ohi John Boltonek CNN telebista kateko elkarrizketa batean. Boltonek Segurtasun Nazionaleko aholkulari gisa jardun zuen 2018 eta 2019 artean, harik eta Trumpek kargutik kendu arte, ustez Venezuelarekiko politikaren inguruan desadostasunak tarteko. Bolton ezaguna da sionismoaren aldeko bere jarrerengatik, baina bereziki Saddam Hussein boteretik kentzeko Irakeko 2003ko gerraren sortzaileetako bat izan zelako, suntsipen handiko armen gezurra haizatu zuenetako bat izan baitzen. Bolton, George W. Bushen agintaldian NBEn enbaxadore ere izan zen 2005etik 2006ra.

Trump kaltetu eta mediatikoki protagonismoa lortzeko helburu argiarekin, Boltonek elkarrizketa eskaini dio CNNko kazetari ezagunetako bati. Boltonek uko egin dio, estatu kolpeez galdetuta, kasu edo leku zehatzen berri emateari, baina 2019ko Venezuelako krisi politikoa aipatu du, oraindik Segurtasun Nazionaleko aholkulari zela gertatutakoa. Urte horietan AEBetako gobernua izan zen Juan Guaidóren figuraren sortzaile eta sustatzaile nagusia. AEBek emandako nazioarteko babesari esker, Guaidók bere burua aldarrikatu zuen Venezuelako presidente gisa, hautestontzietatik igaro gabe. Herritarrek aukeratutako Venezuelako gobernuaren aurkako kolpe horrek porrot egin zuela onartu du Boltonek elkarrizketan.

Boltonen adierazpenek zalaparta handia eta erreakzio ugari eragin dituzte. Evo Morales Boliviako presidente ohiak adierazi du AEBak "demokraziaren eta bizitzaren etsairik okerrena" direla. Twitterreko bere kontuan honakoa nabarmendu du: "AEBetako ultraeskuinaren ezaugarri den zinismoarekin, herrialde subiranoetan estatu-kolpeak planifikatzen lagundu izana onartu du John Boltonek".

Kapitolioaren aurkako erasoa

2021eko urtarrilaren 6an AEBetako Kapitolioari egindako erasoaz hitz egitea izan da elkarrizketaren arrazoi nagusia. Izan ere, azken asteotan jakitera eman dute Trump eskuin muturreko taldeekin harremanetan jarri zela erasoaren aurreko egunetan. Boltonek iradoki du Donald Trump presidente ohiak ez zuela behar besteko gaitasunik kontu handiz planifikatutako estatu kolpe bat gauzatzeko. Gaineratu duenez, kapitolioaren kontrako erasoa "ez zen gure demokraziaren aurkako erasoa izan. Donald Trump da, Donald Trump zaintzen. Azkenean, berak bandaloak askatu zituen Kapitolioan, ez dago zalantzarik. Baina ez Konstituzioa boteretik kentzeko, berarentzat denbora erosteko baizik".