argia.eus
INPRIMATU
Estatu-kolpe usaina Egipton
  • Egiptoko militarrek 48 orduko tartea eman zieten atzo alderdi politikoei herrialdean nagusitzen ari den krisi instituzionalari irtenbidea emateko. Adierazpen horrek presio handiagoa eragingo dio Mohamed Morsi presidenteari, joan den astetik herrialdean indarra hartzen ari diren herritarren manifestazioei militarren ultimatuma gehitu zaielako.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2013ko uztailaren 02a
Milaka lagun atera dira kaleetara azken egunetan Morsiren aurka protestatzera.

Armada Egiptoko gertakarien garapenean funtsezko pieza zen eta ez zegoen argi zein jarrera hartuko zuen. Orain bai: iragarri dutenez, herrialdearen garapenerako plana mahai gainean jarriko dute alderdien akordiorik egon ezean. Prozedura horretan korronte politiko guztiek parte hartu ahalko dutela adierazi dute.

Telebistan irakurri duten agirian ukatu egin dute politikan edo administrazioan parte hartuko dutenik. Hosni Mubarak diktadorea erori ostean militarrek osatutako gobernu batek hartu zuen herrialdearen gidaritza eta kritika handiak jaso zituen alderdi, ekintzaile eta giza eskubideen erakundeen aldetik.

Oposizioaren jarrera

Al-Akhbar webgunean irakur daitekeenez, Tahrir enparantzan dauden manifestari batzuk pozez hartu dute armadaren iragarpena. Mubarak osteko Egipton lehenbiziko hauteskundeak egin eta Anaia Musulmanek boterea hartu zutenetik, 2011ko urtarrileko iraultzari bizkarra eman izana leporatu izan zaio alderdi horri, baita bozka eman ez zieten hautesleei (ia erdiak) jaramonik ez egitea ere.

Dena den, Morsiren aurkako oposizio guztiak ez du hain begi onez ikusi armadaren agerpena: Apirilaren 6ko Gazteen Mugimenduak eta Sozialista Iraultzaileek, oposizioko beste hainbat indarrekin batera joan den ostegunean iragarri zutenez, ez dute onartuko ez Mubaraken garaiko funtzionarioen itzulerarik, ezta armadak boterea hartzerik ere.

Estatu kolpea eta gobernu teknokratikoa?

Halakorik egingo dutela ukatu arren, atzoko ultimatumak estatu-kolpearen atarian jarri du Egipto. Ondorengo pausoak zein izan litezkeen jakitea zaila da, baina baliteke militarrek Tamarod mugimenduak proposatu duen bost puntuko planean inspirazio iturria aurkitzea: boterea lehen ministro independente baten esku utzi; gobernu teknokratiko bat antolatu ekonomia suspertzeko; Egiptoko Auzitegi Konstituzionaleko presidenteari Egiptoko presidente kargua eman protokolo funtzioekin; konstituzioa bertan behera utzi eta berria idatzi; eta Defentsa Nazionaleko Batzordeari segurtasun funtzioak betetzeko eskua eman.

2011ko iraultzaren ondoren gertatutakoak ikusita, balirudike Egiptoko partida berriz Mubarak erori osteko laukitxora itzul litekeela: oraingoan militarrek ez dute boterea zuzenean hartuko agian, baina prozesu politikoa gustuko duten bidetik joan dadin zainduko dute.