argia.eus
INPRIMATU
“Estatu Islamikoaren emakumeak prest daude ardurak beren gain hartzeko, baina Koalizioak ere autokritika egitea nahi dute”
  • Alba Sotorra zinema zuzendari kataluniarra aurkezten ari da Comandante Arian dokumentala, YPJko borrokalari bati buruzkoa. Hala ere, Daex-eko Mendebaldeko emakumeen inguruko film berria prestatzen ari da, Estatu Islamikoaren emakumeekin hilabetez izan ondoren Rojavan.

Aitor Aspuru Saez 2019ko uztailaren 24a
Argazkia: Aitor Aspuru

Nola sortu zen Comandante Arian dokumentala?

2014an Berlinen bizi nintzen eta asko zabaltzen zen Rojavan eta Kobanen gertatzen ari zena –urte horren amaieran izan ziren borrokak–.

Zirraragarria iruditzen zitzaidan emakumeek armak hartzea talde erradikalen mehatxuei aurre egiteko, baina, bereziki, antolatu izana eraldaketarako proiektu politikoa gauzatzeko, emakumeak eta kurduak izateagatik.

Alemaniara informazio ugari heltzen zen, baina nire sentsazioa zen zerbait galtzen zela bidean. Kalashnikovak zituzten emakumeen kontaketa jasotzen genuen, baina ez proiektu politikoa.

Zinemagile eta feminista moduan, funtsezkoa iruditu zitzaidan hori islatzea eta dokumentatzea. Kobane askatu ostean, baina oraindik setiatuta zegoela, hara jo nuen.

Dokumentalaren azala

Nola bilakatu zen egitasmo hori Comandante Arian?

Nik argi nuen emakume bat edo txiki bat izango zela protagonista. Nire ustez, tresna oso indartsua da ikastea enpatiaren bitartez, ikusita norbaiten borroka prozesua. Emozionalki ulertzen badugu egoera bat, datu hutsak irakurtzen baino gehiago jasoko dugu.

Nola topatu zenuen Arian?

Beti dago magia protagonista hautatzen duzunean. Ez dago arrazoi logikorik. Lehen egun horietan ezagututako emakume guztiek merezi zuten film bat, edo hogei. Denek zituzten historia harrigarriak borroka politikoan eta feministan.

Hori bai, Arianekin berehala elkarrekiko konfiantza sentitu genuen. Berak bere ahuldadeak eta sekretuak nire esku utzi zituen eta nik nire bizitza, leku oso arriskutsuetara joan baikinen. Ni guda zelaira heldu nintzen, uniformea eman zidaten eta eguneroko bizitza egiteari ekin nion emakumeekin.

Nolakoa da YPJen funtzionamendua?

Nik ez dut estatuen armada profesionalik ezagutu, eta ez dut asmorik, baina iruditu zitzaidan YPJn alde emozionala zaintzen zutela, gerra testuinguruan egon arren. Arlo emozionala ez zen lurperatzen, asko lantzen zen eta egunero egiten genuen bilera hitz egiteko gure sentimenduei eta bizi izandakoari buruz, oso zaila baitzen. Aldi berean, ideiak eta ilusioak partekatzen genituen eta funtsezkoa zen guztion buru osasunerako.

YPGei dagokienez, gizonezkoen taldeek euren bizitza egiten zuten aparte eta frontean elkarrekin borrokatzen ziren.

YPJ-ko emakumeak. Argazkia: Alba Sotorra

Arianekin harremana mantentzen duzu?

Bai, hiru urtez jarraitu dut eta lagunak gara. Hitz egiten dugu whatsapp eta facebook bidez eta zoragarria da. Saiatu ginen bera ekartzen Europako Parlamentura han estreinatu genuenean, baina Siriako Gobernuak ez zion pasaportea egin nahi. Edonola ere, Skype bidez parte hartu du noizbait. Gogoratzen dut lehen aldia Toronton izan zela eta pantaila piztu zenean, publiko andanak zutunik jarri eta txalotu zuela. Oso polita izan zen.

Comandante Arianen ostean proiektua arantzatsua abiatu duzu Rojavan bertan.

Historia konplexua da emozionalki zein politikoki, parte hartzen ari garen guztiontzat. Hilabetea igaro dugu atxilotze kanpaleku batean. Bertan Daexera batu ziren Mendebaldeko 400 emakume baino gehiago daude. Guztira, bere seme-alabekin 1.500 lagun baino gehiago dira.

Rojavako iraultzan parte hartu duen emakume baten ikuspuntutik dago eginda, eta jakina, asko galdu du Estatu Islamikoaren aurkako borrokan; lagunak, adiskideak...

Hala ere, kanpalekuan sartu zen Daexeko emakume horiekin konektatzeko, eurak ulertzeko beharrarekin. Horretarako idazketa sortzaileko tailerra antolatu zuen. Horren bitartez, zeharka ematen die aukera idazteko eta azaltzeko zer daukaten bere baitan.

Oso gogorra izan da protagonistarentzat bere ideien antipodetan dauden emakume hauekin lan egin duelako eta emakume horiek parte hartu dutelako bere herriaren kontrako basakeriak egin dituen antolakundean.

Bestalde, oso harrigarria da ikustea emakumeen artean sortzen diren giza loturek gailentzen dutela distantzia ideologikoa. Guztiontzat oso interesgarria izan da, ikastaroa eman duten emakume kurduentzat, grabatu dugunontzat –Bartzelonako eta Kurdistango jendea– eta Daexeko emakumeentzat ere.

Zein da egoera atxilotze esparru horietan?

SDFk –Indar Demokratiko Siriarrek– kontrolpean duten lurraldean hiru kanpaleku daude. Roj Camp, Ain Issa eta Al Hol. Al Holek gainezka egin zuen eta hamarka mila familia daude. Estatu Islamikoaren azken gotorlekutik atera ziren, Baghouz. Leku kaotikoa da eta segurtasun eza nabarmena da han lan egiten dutenentzat.

Ulertu beharra dago kanpaleku horretan dauden emakumeak duela gutxi arte bortizkeria ikaragarria jasan dutela eta bonbardatuak izan direla. Ikusi dute nola hil diren beren seme-alabak, senarrak edota lagunak eta amorru handia dute.

Roj Campeko emakumeek denbora gehiago eman dute han. Batzuk heldu ziren Baghouzetik, baina gehienek denborak ematen duen ikuspegia daukate.

Hausnartu dute Estatu Islamikoan izandako esperientziari buruz eta iritzia dute hartutako erabaki horretaz. Sentimenduak ez daude hain azalean eta eurak ulertzeko aukera handiagoa da. Giroa lasaiagoa da, ezberdintasunak egon arren, emakume talde erradikalizatuen eta damutzen direnen artean.

Dena den, gehienek sinisten dute Estatu Islamikoaren ideian eta ez daude bat ere pozik Abu Bakr Al Bagdadiren lidergoarekin, uste baitute ahaztu eta erabili dituela.

Nongoak dira emakume horiek?

Roj Campen dauden emakumezkoak 56 herrialdeetatik joan ziren Siriara. Oso nekatuta daude eta ziurtasun eza agerikoa da. Badakite jatorrizko herrialdeetara itzulita zigortuak eta euren seme-alabetatik aldenduak izango direla. Horrek etsipen handia sortzen du eta jakin nahi dute zer gertatuko zaien.

Zuk profil ezberdinak sumatu dituzu?

Bai, batzuetan nahasten dira. Alde batetik, emakume oso gazteak daude, gizonezko bati jarraiki joandakoak. Ez zuten aztertu politikoki edo etikoki zer egiten zuten, maitemindurik zeuden, batzuetan haurdun, eta talde handia da hauek osatzen dutena.

Badago beste talde bat, neska errebeldeak. Batzuen familiak musulmanak ziren eta beste batzuenak ez, testuinguru desegituratuetatik datoz edo galduta zeuden. Islamak helburu bat eman zien eta erradikalenak dira, erakutsi behar baitute merezi dutela erlijioak ematen dien bake hori. Edonola ere, bake hori behin-behinekoa izan da, orain berriro iparra galdu dute eta babesik gabe geratu dira.

Azkenik geratzen da talde konplexuena. Emakume iraultzaileak edo ideologizatuak dira eta benetan sinisten dute Estatu Islamikoaren ideian eta lortzeko edozerretarako prest daude. Zehazki, hau da Daex-ekiko etsituen dagoen taldea. Nagusiagoak dira, seme-alabak dituzte, unibertsitatean ikasi dute eta zenbait hizkuntza hitz egin dute. Estatusa zuten euren jatorrizko herrialdeetan eta islama ondo ezagutzen dute. Sentitu dute ISIS porrota izan dela. Dena den, estatu islamiko baten beharraren defendatzaileak dira.

Emakume horien egoera zaila da nazioarte mailan.

Eurek bizi izan dutena argia da. Lidergoarekin ez daude ados, baina oso kritikoak dira Koalizioaren erantzunarekin. Errepresioa lazgarria izan da. Zibilak zeuden hiriak bonbardatzen ikusi dituzte. Mendebaldearekin ere ez daude ados, uste baitute ez direla modu egokian tratatuak izan, injustizia sentimendua daukate, eta agian arrazoia daukate. Edozein gatazkatan alde guztiek onartu behar dute egindakoa. Eurak prest daude bere zatia gain hartzeko, baina Mendebaldeak gauza bera egitea nahi dute. Autokritika ariketa hori beharrezkoa da.

Hala ere, zailtasun legalak ere badaude.

Bai, Turkiako Estatuak presionatzen du inork ez dezan negoziatu kurduek eta arabiarrek zuzentzen duten proiektuarekin Sirian. Presioa handia da eta ez dago argi nola epaituko dituzten behin euren herrialdeetara itzulita. Ez dago argi nola erantzungo duen gizarteak ateak irekitzen bazaizkie itzultzeko.