argia.eus
INPRIMATU
Estatu Islamikoak bere gain hartu du Londresko atentatua
  • Amaq berri agentziak zabaldu duen oharrean bere gain hartu du EIk larunbat gaueko Londresko atentatua. Bi astean Erresuma Batuan izan den bigarren erasoa da.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko ekainaren 05a
(Argazkia: eju.tv)

Segurtasun neurriak maila gorenean direnean zazpi pertsona hil eta gutxienez berrogeita zortzi zauritu eragin dituen atentatua egitea lortu dute. Londresko zubian furgoneta batekin ahalik eta jende gehien harrapatzen ahalegindu dira lehenengo hiru erasotzaileak, eta ondoren Borough Market ingurura gerturatu dira eta labanaz eraso egin diete bertan zirenei. Hiru lagunak momentuan bertan hil ditu tiroz poliziak.

Manchesterren maiatzaren 22an egindako atentatuak eta asteburu honetan Londresen izandakoak baldintzatuta iritsiko dira ostegunean Erresuma Batuko hauteskundeak. Atzoko dolu egunaren ostean gaur ekingo diote berriz ere alderdiek kanpainari eta  Theresa May Lehen Ministroak dio, osteguneko bozak berak irabazten baditu “estrategia eta lege antiterrorista birpentsatu eta zorroztu” egingo duela. Bien bitartean dagoeneko hamabi dira Londresko atentatuari lotuta atxilotu dituztenak, eta ikerketak irekita jarraitzen du.