argia.eus
INPRIMATU
Estatu Islamikoak bere gain hartu du Istanbulgo atentatua
  • Gabon zahar gauean, 39 lagun hil eta beste 69 zauritu zituen pertsona batek Istanbulgo diskoteka batean. Estatu Islamikoak adierazi duenez, “Gurutzearen babesleen kontrako borrokaren baitan egindako atentatua da”. Erasotzailearen bila jarraitzen du poliziak.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2017ko urtarrilaren 02a
Loreak Istanbulgo atentatuan hildako pertsonen omenez (Arg: EFE agentzia)

Atentatua bere gain hartu du Estatu Islamikoak. Komunikatu batean zabaldu duenez, “kristauek euren festa arnegaria ospatzen ari ziren diskoteka batean egin zuen erasoa Kalifa Herriaren Soldadu batek”. Murat Karayilan PKK Alderdiko buruzagiak, bere aldetik, erasoa kondenatu du, eta adierazi du ez dagoela “indar edo gizabanako kurdurik” horren atzean.

Istanbulgo Ortakoy auzoan dagoen Reina diskotekan gertatu zen erasoa, 01:30 inguruan. Sarrerako poliziari tiro egin eta aretoan sartu zen erasotzailea. Bertan zeuden pertsonen kontra egin zuen tiro, 39 hildako eta 69 zauritu eraginez. Binali Yildirim Turkiako lehen ministroak azaldu duenez, diskotekan bertan utzi zuen arma, eta “momentuko kaosa baliatuz egin zuen ihes”.

600 bat pertsona zeuden gabon zahar gauean aretoan. Leku ezaguna da Turkian, bertan egoten baitira futbolari, enpresari eta fama handiko pertsonak. 39 hildakoetatik hogei identifikatu dituzte.