Azken 25 urteetan 86 gorroto krimen kasu eta 88 hildako zenbatu dituzte. Euskal Herriko hiru kasu barne. Guztiek dute ezaugarri komun bat: ezberdina denaren gutxiespena. Mapa osatzen jarraitzeko herritarren laguntza eskatu dute.
Ondorengo erasoak bildu dituzte mapan: arrazistak, xenofoboak, antisemitak, islamofoboak, ijitoen aurkakoak, misoginoak, homofoboak, aporofoboak, erlijiosoak, ideologikoak, arrazistak, identitate eta generokoak.
Madrilen aurkeztu zuen atzo mapa Gorroto Krimenak Ikertzeko Taldeak. Urte betez, espezialitate ugaritako adituak aritu dira proiektu honetan lanean. Mapan aurkitu daitezke identifikatutako kasu gehienetako biktimen izen abizenak eta hedabideek egindako jarraipena. Hori lortzeko, 1990etik hona Intolerantziaren Aurkako Taldeak bildutako ikerketa eta salaketak baliatu dituzte.
Euskal Herrian hiru kasu bildu dituzte momentuz. Angel Berruetaren hilketa Iruñean, Alejo Aznarrena Getxon eta Luis C.A.-rena Oreretan. Lehena gorroto ideologiko bezala sailkatu dute. Beste biak aporofobia kasu gisa: etxegabeak ziren.
Miguel Ramos proiektuaren egileetako batek azaldu duenez gorroto krimenak ez daude ideologia batekin lotuta: “Krimen hauek prozesu luze baten ondorio dira. Mespretxu sentimenduarekin hasten dira, eta kolektibo batzuen aurkako diskurtsoen bidez eraso bilaka daitezke”.
Mapa osatzeko ikerketan parte hartu duen La Directa hedabideko David Bou kazetariak adierazi du ez dela faxismoak hildako pertsonen mapa: “Erasotzaile asko faxistak badira ere, denak ez dira identifikatzen faxismoarekin. Guztiek dute ordea, jarrera faxista”. Behin behineko zerrenda dela ere aipatu du Bouk, eta informazio gehiago izan arte ez dituztela kasu batzuk argitaratuko: “Jendearen laguntza behar dugu datuak biltzen jarraitzeko eta inor kanpoan ez geratzeko”.
Ikerketak emandako datuen artean nabarmendu dute erasotzaile gehienak 25 urtetik beherakoak direla eta erasoak hiri handietan egiten dituztela. Azaldu dutenez, hedabideek ezaugarri horietan oinarrituz “gazteen banden” krimen gisa sailkatzen dituzte, eta ez gorroto krimen bezala. Argitu dute erasotzailearen profila oso heterogeneoa dela.
Europako beste estatu batzuetan protokolo polizialak indarrean daude gorroto krimenak identifikatu eta monitorizatzeko. Ingalaterran eta Galesen Hate Crimes England and Wales programa dute. 2011 eta 2012 urteen artean 43.000 gorroto krimen zenbatu zituzten. Espainiar estatuak ez du inolako protokolo homologaturik jarraipen horiek aurrera eramateko, eta horrek proiektua aurrera ateratzeko motibatu zituela azaldu du Bouk. “Erakundeen eta hedabideen axolagabekeriaren aurrean, gorroto krimenak bistaratu nahi ditugu”.