argia.eus
INPRIMATU
Sanders ezkertiarra ia aukerarik gabe geratzen ari da AEBetako demokraten hautagai izateko
  • Bernie Sandersek alderdi demokratako azkeneko barne-hauteskundeak galdu ditu, Floridan, Illinoisen eta Arizonan. Joe Bidenek ia 300 eserlekuko aldea ateratzen dio, eta gehiengoa eskuratzeko 900 eserleku baino gutxiago geratzen zaizkio. Primarioak Sandersek irabaztea ia ezinezkoa da momentu honetan, eta AEBetako zenbait hedabidek lehiaketa utzi dezan iradoki diote.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko martxoaren 18a
300 eserlekuko aldea atera dio Joe Bidenek Bernie Sandersi.

Martxoaren 17an izan ziren deituak Florida, Illinois eta Arizonan boto eskubidea zutenak Biden eta Sandersen artean aukeratzeko. Koronabirusaren krisiaren erdian, parte-hartzeak nabari egin du behera, batez ere 45 urtetik gorako jendearen artean. Datu kezkagarria da Sandersentzat, ustez bere programak 40 urtetik beherako jendearen artean izan behar baitzuen arrakasta gehien.

Ideien guda irabazita

Bidenek bere burua aurkeztu du herrialdeko egonkortasun eta batasunerako hautagai gisa. Hauteskunde kanpaina osoan Sandersen ideiek harrera ona izan dute jendartean, baina Sandersek berak ez hainbeste. Datuen arabera, hautesleen erdia osasun-sistema publikoaren alde dago Arizonan, %40 Florida eta Illinoisen. Eta hala ere, 40 puntuko aldearekin galdu du Sandersek Floridan, 20koarekin Illinoisen eta 10ekoarekin Arizonan.

CNNk egindako inkesta baten arabera, Sandersen ideiekin bat etorrita ere, herrialdearen batasunaren alde egin dute gehienek. Horrez gain, Arizona eta Floridako hautesleen %60k uste du Biden dela aukerarik onena Donald Trumpi irabazteko: “Jendeak irtenbideak nahi ditu, ez iraultzak”, esan du sarri Bidenek, Sandersek herrialdea banatuko duela dioen ustea aprobetxatuz.

ABCk egindako inkesta baten arabera, aipatutako estatuetako hautesleen %71k botoa eman diote krisi handi baten aurrean hobeto erreakzionatu dezakeela uste duten hautagaiari.

“Nire helburua alderdia batzea da, eta gero herrialdea. Sandersek eta nik ikuspegi bera dugu, desberdina estrategia da”, esan du Bidenek internet bidez egindako agerraldian.