argia.eus
INPRIMATU
Aurrekontuetan ezarritakoa baino %33 gehiago bideratu du Espainiak gastu militarrera
  • Utopia Contagiosa talde antimilitaristak kaleratu duen txostenak aditzera eman du Espainiako Gobernuak Estatuko Aurrekontuetan ezarri zuena baino %33 gehiago bideratu zuela gastu militarretara 2014an. Defentsa gastua gizarte zerbitzuetarako bideratutakoa baino 14,73 aldiz handiagoa izan zen eta enplegu sustapenera bideratutakoa baino 245 aldiz handiagoa.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko apirilaren 11

Gastu militarra 5.745 milioi eurokoa izatea aurreikusten zen eta 7.696 milioikoa izan da, hots, 1.950 milioi gehiago. Utopia Contagiosak azaldu duenez, gastu militarrean aurreikusten denaren eta gastatzen denaren arteko desfasea urtero, sistematikoki, ematen da. PSOEren eta PPren gobernuekin gertatu da, baina Mariano Rajoyren gobernuarekin neurriz gaineko joera izan da, kolektiboak azaldu duenez.

Gastu militarra handitzen den bitartean, Gizarte Segurantzari lotutakoa murriztu egiten da. Hona datu batzuk: Estatuaren Defentsarako gastua gizarte zerbitzuetarako bideratutakoa baino 14,73 aldiz handiagoa da, etxebizitza sustapenean inbertitutakoa baino 9,3 aldiz handiagoa, hezkuntza, kultura eta kirolekoa baino 2,72 aldiz handiagoa eta lanaren sustapenera bideratutakoa baino 245 aldiz handiagoa.

Estatuak inbertitzen dituen 3 eurotik bat Defentsara bideratuta dagoela dio txostenak. Beste urte batzuetan bezala, soilik Sustapen Ministerioak gainditu ditu Defentsa Ministeriorako inbertsioak.

IGAEk plazaratutako likidazioaren inguruko datuetan oinarrituta dago Utopia Contagiosaren txostena. IGAEk, baina, ez du gastu militar osoa kontrolatzen, beraz, sail batzuk falta dira.