argia.eus
INPRIMATU
Estatistiketatik desagertutakoak
  • Osasun Sailak berak orain arte emandako datuen arabera, 1.455 gaixo hil dira koronabirusak jota otsailaren 28tik. Maiatzaren 14an datuak emateko modua aldatu zuen sailak, eta orain 868 hildako soilik agertzen dira. Ospitaleetan hildakoen datua bakarrik ari da aintzat hartzen serieak lantzeko.

Mikel P. Ansa @peruarenaansa Berria.eus 2020ko maiatzaren 17a

Maiatzaren 14a eta 15a egun nahasiak izan dira Osasun Sailean, eta oraindik inork ez du argi esplikatu zer gertatu den. Batetik, koronabirusaren intzidentziari buruzko datuak emateko modua aldatu egin du Jaurlaritzak; bestetik, sailaren barruan datuen eguneraketaren inguruan aritzen direnekin gorabeherak izan direla zabaldu dute hedabide batzuek. Nekane Murgak ostegunean aitortu zuen lantaldea berritu egin dutela, eta eskerrak eman zizkien orain arte lan horretan aritu direnei, baina xehetasun gehiago eman gabe.

Datuen moldaketa maiatzaren 14an gertatu zen, ostegunean. Jaurlaritzak goitik behera aldatu zituen datuen taulak, eta ordura arte emandako datu batzuk emateari utzi zion; adibidez, herriz herriko eta osasun eremuen araberako datuak. Maiatzaren 15ean, ostiralarekin, sistema berri bat abiatu zuen datuak emateko. Orain bi agiri banatzen ditu: batean, datu epidemiologikoak ematen ditu —lehengo txosten bera da, baina datu gutxiagorekin, edo aldaketekin—; bestean, egoera asistentziala aztertzen du.

Txosten epidemiologiko horretan, agertzen da orain arte zenbat pertsona hil diren koronabirusaren eraginez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 1.455 —ostiraletik larunbatera, lau gehiago; hortaz, orain 1.459—. Baina txosten osoan ez dago hildako horiei jarraipena egiteko heldulekurik. Ez daude egunez egun desglosatuta, eta herrialdez herrialde ere ez —orain arte bai eman izan du datu hori—.

Datu serie hori ikusteko, txosten asistentzialera jo behar da. Baina txosten horretan, ospitaleetako datuak bakarrik jasotzen hasi da Osasun Saila. Alegia, zahar etxeetan edo eremu pribatukoak diren ospitaleetan hildakoen datu serierik ez dago. Eta hor dago arazoa koronabirusaren heriotzen jarraipen xehea egiteko: ospitaleetan hildakoen datua bakarrik ari desglosatzen Jaurlaritza, eta horietan 868 gaixo hil dira. Alegia, ia 600 hildakoren datu serieak desagertu dira txostenetatik —nahiz eta txosten epidemiologikoan zenbaki totala bai agertzen den, orain ezin da jakin noiz eta zein herrialdetan gertatu diren heriotza horiek—.

Argitu gabeko galdera da ea Osasun Sailak maiatzaren 14tik aurrera ematen duen hildakoen kopuruan ospitale publikoetatik aparte hildakoen datua eguneratzen ari ote den edo ez.

Ospitaleratuen datuak

Beste datu serie batzuetan ere sentitu da Jaurlaritzak maiatzaren 14an egindako aldaketa. Orain arte, ospitale guztietan zenbat gaixo zeuden egunez egun esplikatu izan du, baina, maiatzaren 14ko aldaketaz geroztik, datu serie hori ere desagertu egin da —dagoeneko ez da txosten epidemiologikoan agertzen—, eta orain ospitale publikoetan zenbat gaixo egon diren soilik azaltzen du —txosten asistentzialean dago datu serie berri hori—.

Horren eraginez, datu serieetan aldaketa esanguratsuak gertatu dira: apiril hasieratik aurrera, nabarmen, guztira zentro guztietan ospitaleratuta egon diren gaixoak baino gutxiago agertzen dira Jaurlaritzaren datu serie berrian.

Orain arte herriz herri eta osasun eremuen arabera eman dituen datuetan ere aldaketak egin ditu Jaurlaritzak. Maiatzaren 14 arte datu bakarra eman du: zenbat kasu positibo antzeman diren herri eta osasun eremu bakoitzean. Ostegunaz geroztik, antzemandako kasu berriak ematen hasi da, totala eman gabe.

Madrilen eskakizunak

Osasuna Sailaren barruan zer gertatu den argitzerik ez badago ere, bada aldaketa hau eragin duen faktore bat: Espainiako Gobernuak zehaztutako aurreneko arintze fasera igarotzeko, pandemiaren bilakaera eta momentuan momentuko egoera nolakoa den argi jarraitzea beharrezkoa da. Horrek eskatzen du adierazle sorta definitzea —zer datu erabiliko dira adierazle gisa—, eta horiek neurtzeko modua zehaztea.

Datuen epea ere eguneratu behar izan dute. Orain arte, bezperako 20:00ak arte bildutako datuak eman izan ditu Jaurlaritzak. Orain, Madrilen eskariz, datuak eguneratu egin behar izan ditu, egun bakoitzean, 00:00tik 00:00ra, zenbat kasu egon diren zehazteko. Horrek Osasun Sailari eskatu dio datu serie guztiak eguneratzea.

Eskakizun horri erantzuteko egin ditu Jaurlaritzak aldaketak, eta txosten asistentziala sortzeak horri jarraitzen dio. Osasun eremu publikoko zentroen egoera —oheak eta zainketa intentsiboetako unitateen egoera— egunero-egunero zein den zehazteko egin ditu Osasun Sailak aldaketak, bistan denez. Baina beste osasun zerbitzu batzuk eta medikalizatutako guneen jarraipena estatistika horietatik kanpo utzi ditu —oraingoz, behintzat—. Eta pandemiaren bilakaera jarraitzeko erabilgarriak ziren beste datu serie batzuk kendu egin ditu momentuz —heriotza guztien egunez eguneko bilakaera, adibidez; ospitaleetan hildakoen datua soilik jarraitu liteke orain—. Ikusteko dago datozen egunetan aldaketa gehiago egingo dituen.

Jaurlaritzaren irizpideen neurrira

Edozein moduz, aldaketa estatistiko hori logikoa da Jaurlaritzak Espainiako Osasun Ministerioaren aurrean erabili dituen argudioak aintzat hartzen badira. Araba, Bizkai eta Gipuzkoa unitate bakar gisa tratatzeko eskariak ekarri du datu sorta batzuk desagertzea —adibidez, R0 adierazlea probintziaka emateari utzi egin dio Jaurlaritzak azkeneko hamar egunetan—. Eta Jaurlaritzak, gainera, fase honetara igarotzeko argudio sendoena bere osasun sistema publikoaren gaitasunean eta sendotasunean oinarritu du, eta horrela uler liteke pandemiaren jarraipena egiteko adierazle nagusitzat osasun sistemaren egoerari buruzko datuak hartzea.

Osasun Sailak Madrili duela hamar egun aurkeztu zion txostenean ere ageri zen hori. Pandemiari eusteko adierazle nagusitzat sistema publikoaren egoera dauka Jaurlaritzak, eta, adibidez, kasu berriak antzemateko, horiei probak egiteko, kontaktuak antzemateko, eta bakartzeko planetan eta baliabideetan ez du hainbesteko indarra jarri oraingoz. Txosten hartan, herren agertzen ziren Jaurlaritzaren planak eta baliabideak arlo horretan, eta datuak moldatu dituenean, adierazle horiei ez die lekurik egin.

Ikusi beharko da Osasun Ministerioak datu hauek nahikotzat jotzen dituen. Gogoan hartzekoa da, duela hilabete inguru, Nafarroako Gobernuak bere estatistikak moldatu behar izan zituela, zahar etxeetan hildakoen datua ez zelako jasotzen ari bere datu publikoetan. Pentsatzekoa da, beraz, aurrerago datuak emateko moduan aldaketa gehiago egin beharko dituela Jaurlaritzak.