argia.eus
INPRIMATU
Esquadra Mossoen jardueraren inguruko “inoizko barne-ikerketarik handiena” iragarri du Generalitateak
  • Kataluniako poliziak inoiz izan duen "barne-ikerketarik handiena" izango dela adierazi du Kataluniako Gobernuko bozeramaile Meritxell Budók, El Mon hedabideak argitaratu duenez.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2019ko urriaren 29a
Esquadra Mossoak Katalunian izandako istiluetako batean tiro egiten. Irudia: El Mon

Momentuz, hamabost kasu ikertuko dituztela esan du Meritxell Budók. Kasu horiek espediente batekin, zigor batekin zein abisu batekin buka daitezkeela jakin ahal izan du El Mon hedabideak. Ikerketa horren helburua “mosso taldeak defendatzea eta berauen prestigioa bermatzea” da. “Herritarrek mossoengan duten konfiantza" ez dutela "arriskuan jarri nahi" gaineratu du.

Azken asteetan Katalunian istilu ugari izan dira, eta ehunka zauritu. Hainbat pertsonak begi bateko ikusmena edota testikulu bat galdu zituzten pilotazko gomen eta polizien kargen ondorioz. Abokatuek polizia indarkeriarekin lotutako 122 kasu salatu zituzten istiluen lehen astean bakarrik.

Gertakari hauek guztiak aztertzeko, Generalitateak jakinarazi du Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia argitaratu ondoren gertatutako gertaeren inguruan Ikerketa Batzorde bat sortzea eskatuko diola Parlamentuari.