Esquadra Mossoek zortzi ordu behar izan dituzte bankuan zeuden bi pertsonak eraikinetik ateratzeko, La Directa hedabideak argitaratu duenez.
Astelehen goizaldeko 4:00etan Esquadra Mosssoen hamabost furgoneta hurbildu dira Bartzelonako Gracia auzoan okupatutako bankura. Hainbat bizilagunek abisua pasa diete bankuan zeudenei eta minutu batzuk geroago hasi dira eraikina husten.
Zortzi orduz aritu dira erresistentzia egiten: bi pertsona bankuko kutxa gotor batean sartu dira, eta Mossoei ohartarazi diete kutxa horren inguruan sua har dezakeen materiala dagoela. Horrela, adierazi diete bertan sartzen saiatuz gero, bertan daudenen bizitza “arriskuan jarriko luketela”.
Polizia batzuk sabaia zulatzen hasi dira eta eraikinean sartu dira, Banc Expropiat elkartearen arabera. “Arriskutsutzat” jo dute hori elkarteko kideek: izan ere, aireztatze sistema kaltetuz gero, barruan zegoen jendea arriskuan jar zitekeela salatu dute.
16:30ak aldera lortu dute poliziek kutxara sartzea. Bi pertsona bidoi batera kateatuta zeuden. 18:00ak inguruan Bankuko sotoan zeuden bi ekintzaileak ateratzea lortu dute Mossoek. Mediku azterketa egin diete biei eta hori egin ondoren aske utzi dituzte, hedabidearen arabera. Hiru argazkilari eta kazetari bat atxiki ditu poliziak.
Mobilizazioak desalojoa salatzeko
Bankuaren desalojoa salatzeko 150 pertsona inguru elkartu dira gune autogestionatuaren ondoan eta manifestazioa egin dute astelehen eguerdian. Halaber, kontzentrazioa deitu dute astelehen arratsaldean Graciako Revolució plazan.